Pirata Txikien abordatzearekin berpiztu da jaia Flamenkan, asteazkeneko etenaren ostean

«Egun gogorra izan genuen atzokoa, baina Aste Nagusiarekin aurrera goaz», baieztatu dute Donostiako Piratek. Eguerdian eginiko Abordatze Txikiak lagundu du giroa epeltzen, eraso matxistek izandako erantzun ozenaren ostean.

NAIZ|2019/08/15 16:17
Loading player...

Asteazkenean guztiz itzali zen festa Flamenkan, asteartean izandako sei eraso matxistei erantzun potentea emanez. Gauean ere gunea zeharo mutu eta tabernak erabat itxita egon ziren kaian. Arrazoiak, euskaraz ez ezik ingelesez azaltzen ziren, turistek ere jakin zitzaten.

Asteazken arratsaldeko protesta jendetsuari beste bat erantsi zitzaion gauerdian, ehunka gazte eta heldu Parte Zaharrean bildu zituena. Gaztelubide elkartearen aurrean zenbaitzuk haren egoneza adierazi zuten ere. Eneko Goia aurrez aurre interpelatzeko asmoz hurbildu ziren manifestariak, baina alkatea ez zen bertan.

Jada ostegunea dela, egunsentiaren batera mezu hau zabaldu dute Donostiako Piratek: «Egun gogorra izan genuen atzokoa, baina Aste Nagusiarekin aurrera goaz». Eta horrekin berpiztu da jai giroa Flamenkan, beti ere gertatutakoa ahaztu gabe eta erne.

Goizeko ekitaldi garrantzitsu eta alaiena Abordatze Txikia izan da. Urtero egiten dute kaian, baina aurten arratsaldean ez, eguerdian baizik, burutu dute. Donostiako suhiltzaileen laguntza izan dute Donostiako Piratek, haurren segurtasuna bermatzeko. Eta itsasoratu ostean, bazkaria egin dute pirata txiki guztiek.

Bide batez, asteartean Donostiako Ospitalera Ezkila kapitainak eta besteek egindako bisitaren berri dute. Urtero legez, bertan gaixorik diren umeei eguna goxotzeko asmoz egin zuten Flamenkatik Miramonerako bidea.

Osteguneko egitarauarekin jarraituz, arratsalde partean Bizifesta egitekoa da Donostian zehar, Txantxarreka, Kijera eta Letaman gaztetxeak lotuz. Kamigaintxon mojito festa eta musika kubatarra dira, dastagai eta entzungai. Eta gauean, Izaki Gardenak, Madeleine eta Gris, Flamenkan, beti bezala su artifizialak amaitu bezain pronto.