NAIZ

Zabalik da Xabier Lizardi sariketara lanak aurkezteko epea

Haur eta gaztetxoen artean literatura zaletasuna sustatzeko helburuz, martxan da berriro ere Xabier Lizardi sariketara ipuinak aurkezteko epea. Azaroaren 15era arte jasoko dira lanak, Zarauzko Udaletik zehaztu dutenez.

Xabier Lizardi. (NAIZ)
Xabier Lizardi. (NAIZ)

Zarauzko Udalak XXXVIII. Xabier Lizardi sarirako deialdia ireki berri du. Haur eta gaztetxoen artean literatura sustatzera begira sortu zen sariketa eta 18 urtetik gorako egileei zuzenduta dago.

Sariketara haur eta gaztetxoei zuzendutako ipuinak aurkez daitezke, jatorriz euskaraz idatzitako lanak behar dute izan, originalak eta argitaragabeak, eta beste inolako lehiaketatetan saritu gabeak. Autore bakoitzak lan bat baino gehiago aurkezteko aukera izango du –24.000 karaktere baino gutxiagoko lanik ez da onartuko–, eta lanak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da.

Zarauzko Udaletik ohartarazi dutenaren arabera, lanak ordenagailuz idatzita aurkeztu beharko dira (Din A-4 neurrko orrietan, ‘Times New Roman’ letra-mota erabilita eta lerro artean tarte bikoitza utzita), izengoitiz sinatu behar dira (aparteko gutun-azal itxi batean zehaztu beharko dira izengoitia bera, izen-abizenak, helbidea eta telefonoa) eta posta arruntez bidalitako lanak ziurtatutako gutunean bidali beharko dira (Zarauzko Udala-Kultura Departamentua, San-Enea Kultur Etxea, Nafarroa kalea 22,20800 Zarautz).

Epaimahaia eta saria

Epaimahaia iazko irabazleak, Idoia Garzesek, eta literaturan adituak diren hiru pertsonek osatuko dute. Sarituak 4.000 euro jasoko ditu eta Zarauzko Udalak lan irabazlearen 2.500 ale argitaratuko ditu.