NAIZ

Sufrimendua amaitzea aldarrikatuko du Sarek Bilboko Aste Nagusiaren egun handian

Konpartsekin batera agerraldia egin du gaur goizean Sarek Bilbon, Aste Nagusiaren egun garrantzitsuenean (hilak 23, ostirala) egingo duten manifestazioaren berri emateko. «Sufrimenduari aterabidea emateko unea da», adierazi dute Bego Atxak eta Joseba Azkarragak.

Azkarraga, konpartseko ordezkariekin batera gaur goizean Bilbon. (Sare Twitter)
Azkarraga, konpartseko ordezkariekin batera gaur goizean Bilbon. (Sare Twitter)

Aurten ere, Aste Nagusiko egun handienean mobilizazioa izango da eguerdian Bilboko kaleetan. Sarek iragarri du gaur eta konpartsen bultzada ere badu. Mobilizazioa 12.30etan abiatuko da, Eliptika Plazatik, hilaren 23an, hurrengo ostiralean.

Sufrimendua eta «korapiloak» atzera uzteko beharraz mintzatu dira Atxa eta Azkarraga Izan ere, «Bizkaian oraindik orain 91 preso daude salbuespenezko legediaren menpe. Horietatik %75a bizilekutik 500 kilometrotatik gora urrunduak. Sei dira larriki gaixo dauden presoak, eta horietatik bi, espetxean diren beste 14 bizkaitarrekin batera, 20 urte baino gehiago daramatzate preso. Beste bi datu aipatzearren, oraindik 79 preso mantentzen dituzte lehen graduan eta zigorren batuketa ezak 17 presori kondena gehigarria ekarri die. Guzti honekin, euren etxerako bidea egiteko oztopoak dakartza, egoera luzatu eta zigorra legedia ezohikoen bitartez gogortuz».

Urte hau Sarerentzat berezia dela erantsi dute, boskarren urteurrena betetzen duelako, presoen auzia konpontzeko etengabeko ahaleginari eutsiz. Baina «Sare ez da instituzioen edo alderdien lana ordezkatzeko jaia –ekarri dute gogora–. Sare gizarte zibila aktibatzeko jaio da» eta honetan oinarritzen da deialdi hau.

«Abuztuaren 23an Bilboko kaleetan erakutsiko dugu Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarreetan, Batzar Nagusietan eta udaletxeetan lortutako akordioek jendartearen %85a biltzen dutela», nabarmendu dute gainera Atxak eta Azkarragak. Eguerdi horretarako azken mezua, hauxe: «Bertan elkartzea espero dugu. Gure izenean inork ez ditzan euskal presoen oinarrizko eskubideak urratu».