Costa-Gavrasen zinema konprometitua omenduko du Donostia Sariak

Costa-Gavras greziar jatorriko zinegile frantsesak jasoko du 67. Zinemaldiko Donostia Sarietako bat, haren zinema konprometituari aitortza gisa. ‘Z’, ‘Missing’ edota 2012an Urrezko Maskorraren lehian sartu zen ‘Le capital’ dira bere lan ezagunenetakoak. ‘Adults in the Room’ ekarriko digu aurten.

NAIZ|2019/08/19 11:51
Costa-gavras
Costa-Gavrasek irailaren 21ean jasoko du Donostia Saria. (NAIZ)

67. Donostiako Zinemaldiak Costa-Gavras zinegile frantsesari emango dio aurtengo Donostia Sarietako bat, bere ibilbidean zehar eredu izan duen zinema konprometituari aitortza egiteko. Besteren artean, ‘Z’, ‘Missing’ eta 2012an Urrezko Maskorraren lehian sartu zen ‘Le capital’ filma dira horren lekuko.

Zuzendariak irailaren 21ean jasoko du saria, Victoria Eugenia antzokian egingo den gala batean, eta bertan aurkeztuko du ‘Adults in the Room’, bere azken lan luzea. Yanis Varoufakis greziar Finantza-ministro ohiaren oroitzapenen egokitzapena da filma eta Veneziako Mostran estreinatu ostean aurkeztuko da Donostian.

Varoufakisek bere agintaldi laburraren ostean atera zuen ‘Adults in the Room: My Battle With Europe's Deep Establishment’ liburua argitara. 2015eko lehenengo sei hilabeteetan egon zen karguan, Greziako finantza-krisi betean. Sinopsiak aditzera ematen duenez, filma «tragedia» bat da, hitzaren adiera klasikoan, eta «botere-sare gizagabe batean harrapatutako» pertsona batzuk irudikatzen ditu, «Greziari austeritatearen diktadura ezarri nahi dion Eurotaldearen bilera-gurpil bortitzean».

Zinema politikoaren adierazle

Azken mende erdiko zinema politikoaren eta salaketa sozialaren adierazle handienetako bat da Costa-Gavras. Zuzendu dituen hogei bat filmetatik, askok balio izan dute zauriak ukitzeko; besteak beste, diktadurak, garbiketa politikoak, arrazismoa eta finantza-munduak eragin dituen hondamendiak jorratu ditu. Baina, batez ere, botere politiko erabateko eta suntsitzaile baten makineria errukigabeari aurre egin behar dion banakoa da egile frantses-greziarraren filmografiaren gai nagusia.

Konstantinos Gavras 1933an jaio zen, Greziako Loutra-Iraias herrian, eta 22 urte zituenean utzi zuen sorlekua, Parisen kokatu eta Sorbonan Literatura ikasteko. Zinematografiako Goi-mailako Ikasketen Institutuan (IDHEC) gradua atera ondoren, frantses zuzendari nabarmenen esanetara aritu zen laguntzaile, besteak beste, René Clair, René Clément, Henri Verneuil, Jacques Demy, Marcel Ophüls, Jean Giono eta Jean Becker zinemagileekin.

Formatu luzean ‘Compartiment tueurs’ (1965) filmarekin egin zuen debuta eta ‘Un homme de trop’ (1967) egin zuen gero, taldean traidore bat dagoela uste duen frantses erresistentziako komando bati buruzkoa. Atzetik iritsi zen Jorge Semprunekin elkarlanean idatzitako hainbat filmetatik lehena: ‘Z’ (1969), diputatu ezkertiar baten hilketari buruzko drama politiko saritua.

‘Missing’ saritua

Beste lan aipagarri batzuk ere egin zituen garai hartan, gehienak liburuetatik egokituta (‘L’aveu’, ‘État de siege’, ‘Section Spéciale’ edota ‘Clair de femme’ tartean) eta ‘Missing’ (1981) izan zen ingelesez filmatu zuen lehenengo arrakasta. Harrezkero Estatu frantsesaren eta Estatu Batuen artean proiektuak txandakatzen hasi zen zinemagilea. Txileko estatu-kolpearen ondorengo uneetan girotutako thriller politiko horrek Urrezko Palma irabazi zuen Cannesen eta egokitutako gidoi onenaren Oscar saria eraman zuen.

‘La petite apocalypse’-rekin (1993) komedian sartu-irten ezohiko bat egin zuen, eta ondoren John Travolta eta Dustin Hoffman zuzendu zituen ‘Mad City’ (1997) filmean, non langileak murrizteko kaleratutako segurtasun-zaindari batek zenbait lagun bahituko dituen. ‘Amen’ (2001) filmaren bidez, Vatikanoa nazismoan isilik egon izana gaitzetsi zuen.

Orain arteko azken lanak inmigrazioa jorratzen duen ‘Eden à l'Ouest’ (2008) eta ‘Le capital’ (2012), finantza-munduaren neurrigabekeriei buruzko satira garratza dira.