Larraza: «Mundu osoko puntako sortzaileekin buruz-buru aritu gaitezkeela erakutsi dugu»

Etxeparek sustaturiko #ScotlandGoesBasque programaren bidez 48 euskal sortzailek euren jarduna Eskozian erakusteko parada izan dute. Ekimena amaitu berritan, balorazio «bikaina» egin dute euskal institututik.

NAIZ|2019/08/20 12:56
Scotlandgoesbasque
Kaleko ikuskizuna, Fringe jaialdi prestigiotsuan. (NAIZ)

Edinburgo «euskal sorkuntzaren zabalkuntzarako plataforma» bilakatu da abuztuaren 7tik 18ra bitartean. Izan ere, Etxepare euskal institutuak sustatuta, 48 euskal sortzaile izan dira herrialdeko bi jaialdi garrantzitsuenetan –arte eszenikoen Fringe eta literaturari lotutako Edinbugh International Book Festival– parte hartzen eta, baloraziotarako unea iritsita, ekimenaren emaitza goraipatu dute Etxeparetik: «Erantzun bikaina izan dute Edinburgon aritutako euskal sortzaileek».

Bertan igarotakoak «egun biziak», denbora gutxian jarduera asko bildu dituztenak, izan direla aipatu dute eta programaren bidez euskal sorkuntza eta kultura garaikidea mundu mailan kokatzeko eta prestigiodun jaialdietan erakusteko leihoak sortu direla iritzi dute, baita harreman horiek etorkizunean manten daitezen lan egingo dutela gaineratu ere.

Etxepareko zuzendari Irene Larrazaren hitzetan, «lehen aldia da diziplina ezberdinetan, toki berean eta batera, horrelako programa bat sustatzen dugula. Aste oso oparoa izan da, eta oso pozik gaude emaitzarekin». Euskal sortzaileek Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan aurkeztutakoaren inguruan ere mintzatu da: «Edinburgoko esperientziak erakutsi digu euskal sortzaileak mundu osoko puntako sortzaileekin buruz-buru aritu daitezkeela eta hemen egiten den kultura munduko beste edozein txokotan egin daitekeenaren adinakoa dela, eta horretaz harro egon gaitezke».

Jaialdien segida

Fringe jaialdian parte hartu dute, besteak beste, Tio Teronen Semeak, Krego-Martin Danza, Akira Yoshida, Proyecto Colectivo HQPC eta 2Theatre taldeek, eta liburu azokan izan dira Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez edota Bernardo Atxaga, besteak beste.

Etxeparetik zehaztu dutenez, Edinburgon ikusitako hainbat ekimenek jarraipena izango dute Euskal Herrian: han estreinatutako ‘Atlantik 1050’ ikuskizuna irailean Atlantikaldian ikusteko aukera izango da eta ‘Txekhov vs. Shakespeare’ ekimenaren uzta biltzen duen liburua Literaktumen emango da ezagutzera.

Bestalde, #ScotlandGoesBasque programaren baitako hurrengo jarduerek eskoziar unibertsitatea izango dute jomuga: batetik, Edinburgoko Unibertsitatean ‘Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean’ mintegia izango da, urriaren 16an eta 17an; eta, bestetik, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren ‘Europa Transit’ egitasmoko dokumentalak izango dira ikusgai Edinburgoko eta Glasgowko Unibertsitateetan, urriaren 17tik 19ra.