NAIZ

Altsasuko Ospa Eguna beste behin ere jopuntuan jarri du PPk

Nafarroatik Madrilera joandako Ana Beltran PPko ordezkari izan da oraingoan Altsasun hilaren 31ean egingo den Ospa Eguna begipuntuan jarri duena. Gobernu espainolari galdera luzatu dio, ea horretan ez oten duen «gorroto deliturik ikusten».

Iazko Ospa Egunaren irudi bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Iazko Ospa Egunaren irudi bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kongresuan ekimena aurkeztu du PPko Ana Beltran diputatuak, Altsasun abuztuaren 31a larunbatean deitu den Ospa Egunaren aurka. Jardunaldiak Guardia Zibilaren kontrako «mespretxu eta jazarpena» adierazten duela uste du lehen Nafarroako legebiltzarkide eta orain PPko Madrilgo diputatu denak.

Zehazki, galdera luzatu dio Pedro Sanchez buru duen gobernuari, ea Ospa Egun horretan ez duen «gorroto deliturik ikusten» eta «Espainiako eta Nafarroako Gobernuak ezin dutela beste alde batera begiratu» erantsiz.

Kode Penalaren 510. artikulua aipatzen du Beltranek bere ekimenean, eta aurreko astean Asociacion Española de Guardias Civiles delakoak horri seinalatu ziola gogora ekartzen du Beltranek.

Abuztuaren 30ean hasiko da Ospa Egun berri hau, gerra zikina dela-eta Sakanan hildako militanteen senideak bilduko dituen mahai inguru batekin. Larunbatean, Herri Krossa izango da 12etan, herri bazkariak gero eta kalejira 19.00etatik aurrera, «Milaka arazoi maletan» lemapean. Gauean, kontzertuak: Igitaia, Katez eta Ingo al Deu.

Testinguru honetan, gogora ekarri behar da irailaren 18an Entzutegi Gorenean Altsasuko gazteei ezarritako espetxe zigorrari dagozkion helegiteak aztertuko direla. Duela hamar egun eskas 1.000 egun bete dituzte kartzeleratuta.