NAIZ
Bilbo

Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketako kontzertuak irailaren 12an hasiko dira Bilborocken

Urriaren 4ra bitarte 32 kontzertu egingo dira, hautatutako talde bakoitzeko bana, astero, ostegunetan eta ostiraletan, 20.00etatik aurrera, Bilborock aretoan.

Urriaren 4ra bitarte 32 kontzertu eskainiko dira Bilborocken. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Urriaren 4ra bitarte 32 kontzertu eskainiko dira Bilborocken. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketak 31. aldia izango du aurten, eta finalerako sailkatzeko kontzertuak irailaren 12an hasiko dira. Urriaren 4ra bitarte 32 kontzertu egingo dira, hautatutako talde bakoitzeko bana, astero, ostegunetan eta ostiraletan, 20.00etatik aurrera, Bilborock aretoan. Pop Rock, Metal eta Urban modalitateetako finalak urriaren 17an, 18an eta 19an izango dira, hurrenez hurren. Saio guztietarako sarrera librea eta doakoa izango da, aretoa bete arte.

Epaimahaia musika arloko espezialistek osatu dute, eta haien ardura izan da sailkapen fasean zuzenean joko duten 32 taldeak hautatzea. Edizio honetan 344 taldek eman dute izena (256 Pop Rock modalitatean, 41 Metalekoan eta 47 Urban modalitatean), eta horien artetik aukeratu dira taldeak.

Sailkapen kontzertuetatik hautatuko dira kategoria bakoitzeko finalean arituko diren hiru taldeak. Finaletako kontzertuak Bilborock aretoan izango dira: urriaren 17an Pop Rock modalitatekoa, urriaren 18an Metal modalitatekoa eta 19an Urban modalitatekoa.

Aukeratutako taldeen %28 EAEkoak dira (32tik 9): zortzi Bizkaikoak eta bat Arabakoa. Taldeen %66 Estatu espainolekoak dira, batez ere Madrilgoak eta Valentziakoak. Azkenik, bi talde estatutik kanpokoak dira (guztien %6), Estatu frantsesekoak eta Portugalgoak, hain zuzen.

Emakumeen presentzia

Parte hartu duten taldeen %28an emakumeren bat dago (32tik 9tan), eta taldeetako bat soilik emakumeek osatzen duten: Pinpilinpussies (Bartzelona). Zentzu horretan, emakumeak dituzten taldeen portzentaia gehitu egin da aurreko edizioaren aldean, eta guztien %12 dira. Hain zuzen, taldeetan emakumeen kopurua areagotzea da lehiaketaren erronketako bat.

Ildo horretan, ostegunean, irailaren 5ean, Musik/Fem Bilbao ospatuko da Bilborock aretoan, arratsaldeko 19.00etan. Edonor sartu ahalko da aretora, doan. Emakumeek zuzeneko musikan duten lekuari buruzko mahai ingurua izango da ekimenaren ardatza.

Parte hartzaileen artean daude MIM-Mujeres de la Industria de la Música elkarteko presidente Carmen Zapata, Belako taldeko Cris Lizarraga, Eva Sarasola (Last Tour International) eta Leyre Aranguren (Aberein Estudioak). Arkaitz Villar EHMBE elkarteko kidea eta Musik/Fem ekimenaren sustatzailea eta Jone Novo (Bufalo Produkzioak) izango dira mahai ingurua zuzentzen.