IDOIA ERASO
ARBONA

Seaskaren gorakadak aurrera darrai, 4.000 ikasleren muga gainditu du aurten

Seaskak ikasturte berriko datuen eta erronken berri eman du gaur, ireki berri duten Ahetze-Arbonako ikastolan egin duen agerraldian. 4.000 ikasleren kopurua gainditu du Ipar Euskal Herriko federazioak. Joan den ikasturteko gatazken ondoren, baikor agertu dira, gorakadari aurre egiteko giza eta egitura baliabide eskasia ageria bada ere.

«Iazko ikasturte gatazkatsuaren ondoren, ikasturte berri eder bat abiatu dugu» baieztatu du Seaskako lehendakari berria den Peio Jorajuriak, gaur ostegunarekin egin duten agerraldiaren hastapenean. 

Ikasleen kopuruak beti gora segitzen du, ikasturtea 4.001 ikaslerekin abiatu dute, eta hurrengo hilabeteetan bi urteko 73 haur gehiago izanen direla aintzinatu dute. Azken urteetan jaiotzen tasak etengabe behera egiten duen garai honetan, Seaskaren arrakasta bikoitza dela gaineratu dute, egun ikaslegoaren %10ak egin baitu ikastolaren hautua.

Seaskak dauzkan 37 zentroetan, lehen hezkuntzan 2.648 ikasle izanen dira, eta 1.353 bigarren hezkuntzan. Garapen honi erantzuteko hilabete hauetan zazpi zentrotan handitze lanak egin dituzte eta beste hainbestetan ikastoletan eraikin aurrefabrikatuak ezarri behar izan dituzte.

Bigarren hezkuntzan ematen ari den hazkundeak egitura txiki uzten ari da, hori dela eta Lapurdi hegoaldean kolegio berri baten beharra geroz eta ageriagoa da, eta hurrengo urteetan eraikitzeko asmoa agertu dute. Duela bi urte eraiki zen Baionako Bernart Etxepare lizeoan ere udan zehar gela berriak eraiki behar izan dituzte.

Lanpostuak

Joan den urtean negoziaketa luze eta zailen ondoren Hezkunde Nazionalak proposatzen zituen 5 lanpostuetatik 19,5 lortzea lortu bazuten ere, behar zituzten 30 horiek lortu ez izanak eragina izan du hainbat zentrotan, bereziki kolegioetan, zenbait gelatan 30 ikasle baino gehiago baitira. Federazioak 11 lanpostu ordaindu baditu ere, behar guztiak ez dira behar bezala betetzen.

Borroka luzearen ondoren urtebete baino gehiagoz berritu gabe egon zen hitzarmena sinatzea lortu zuten uda hastapenean Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hezkunde Nazionaleko Errektorearekin. Hala ere arazoa bertako ordezkariengandik harago doala oroitarazi du lehendakari berriak: «Espero Hezkuntza ministeritzak ez gaituela hirugarren urtez segidan ahantziko, eta euskarak eta Estatuko hizkuntza gutxituek beharrezkoa duten garapenerako urte anitzeko plangintza proposatuko dutela».

Ikastola berria

Euskaraz ikasi ahal izateko zentroak hurbil izateko, Seaskak daraman estrategiak herri txikietan ere ikastolak irekitzera darama, azken aldian urtero gertatzen ari da. Aurtengoari esker «Lapurdi kostaldeko lehen eta bigarren lerroan herri guztiek dute orain ikastola bat» baieztatu du Jorajuriak.

Bi herrietako gurasoek egindako lanari esker sortu da hezkuntza zentro berri hau, bi Udalak laguntzeko prest agertu badira ere, oraingoz zelai artean dagoen alokatutako etxe batean kokatzen da. Sei ikaslerekin abiatu zen ikasturtea astelehenean, heldu den astean zazpigarren bat bilduko zaie, eta urtarrilerako bederatzi izanen dira bertan ikasiko duten haurrak.

50. urteurrena

Ikastolen federazioa sortu zenetik 50 urte iragan direla ospatzeko hainbat hitzordu antolatu dituzte heldu den asteetan. Irailaren 19tik 22ra Gure Zirkua euskal zirko ibiltaria izanen da Kanbon. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban zehar lehen biran 25.000 ikusle bildu eta gero, Ipar Euskal Herrira etorriko dira lehen aldiz. «Seaskaren 50 urteak elkarrekin ospatzeko» bazkaria izanen da ere, irailaren 28an Baionako Bernart Etxepare lizeoan.

Urteroko hitzordu sahiestezina den Glissegunaren 17. edizioa ospatuko da aurten, irailaren 15ean Angeluko La Barre gunean. Surfa, skatea, skimboarda, hip-hopa… egiteko aukera izanen da bertan.