Ariane Kamio
Donostia

Jende andana batu da Donostian Sara eta Izar babesteko, epaiketaren bezperetan

Asteartean abiatuko da Sara Majarenas preso oiharen alaba eraso zuen gizonezkoaren aurkako epaiketa, Valentzian. Manifestazioa egin dute gaur Donostian ama-alabei babesa adierazteko eta erasoak ekiditeko prebentzio politiketan inbertitu beharra dagoela ohartarazi dute.

Manifestazioaren hasiera Donostiako Bulebarrean. (@hiribizia)
Manifestazioaren hasiera Donostiako Bulebarrean. (@hiribizia)

Jendetza batu da gaur Donostian Sara Majarenas preso ohiari eta Izar alabari babesa adierazteko. Eguerdiko 13.30ean zen hitzordua Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean. Estropaden aitzakiarekin gerturatutako jende oldea ibili da Donostiako kaleetan eta jende andana gerturatu da ere ama-alabok babesteko deitutako mobilizaziora.

Izan ere, asteartean abiatuko da Izarren aitaren kontrako epaiketa, haren kontra egindako erasoaren harira. 2017ko urtarrilean labankadaz eraso zuen haurraren aitak ia hiru urteko umea. Izar Majarenasekin bizi zen Picassenteko espetxean eta asteburua aitarekin igarotzera atera zenean jazo zen gertakari lazgarria. Bi ebakuntza egin zizkioten haurrari eta egoera larrian egon zen hainbat egunetan, Zaintza Berezien Unitatean. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute bere aurka.

Gertakari haien inguruko epaiketa asteartean abiatuko da, eta alerta piztua dute Majarenasek eta bere ingurukoek. Manifestazioaren amaieran, Sara Majarenas eta Izarren aldeko plataformaren eledun batek hartu du hitza eta gogor jo du egungo sistema judizialaren aurka. «Egungo justizia sistemak zigortzea du helburu, zigor eta espetxe sisteman oinarritzen da nagusiki. Aldiz, erasoak ekiditeko prebentzio politiketan inbertitu beharra dagoela uste dugu».

Aldaketak berak egiturazkoa izan behar duelakoan dira Ibarreta eta Izar eta Sararen Aldeko Babes Plataforma. «Bere oinarrian dauden desberdintasunak desagerrarazteko ezinbestekoa baita emakumeak baztertu eta zapaltzen gaituen sistema patriarkala eraldatzea; hain justuki, justizia sistema honek hain ongi ordezkatzen duen sistema patriarkala iraularaztea».

Epaiketari erreferentzia zuzena ere egin diote gaurko manifestazioaren ondoren. «Dakizuen bezala, asteartean eta asteazkenean izango da Sara eta Izarren erasotzailearen aurkako epaiketa. Eta Valentziako Lurralde Auzitegian izango den arren, gertutik jarraituko dugu epaiketaren bilakaera. Argi baitugu, emakume eta herritarron mobilizaziorik gabe ez dagoela gure eskubideak babestuko dituen auzitegirik, ez justizia sistema honetan behintzat».