Euskal Herriko eragile politiko eta sozialek Diadan parte hartuko dute

Assemblea Nacional Catalanak (ANC) antolatuta, Kataluniako Diada ospatuko da asteazken honetan, «Objectiu independència» leloarekin. Horren harira, Euskal Herriko hainbat indar politiko eta eragile sozial bertan egongo dira.

NAIZ|2019/09/10 13:10
Diada2017
2017ko Diada. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Azken urteetan egin duen bezala, ordezkaritza izango du EH Bilduk Katalunian; Maddalen Iriarte Legebiltzar taldeko bozeramaileak, Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramaileak eta Pernando Barrena europarlamentariak osatuko dute ezkerreko indar subiranistaren ordezkaritza.

Ekitaldi ofizialetan parte hartzeaz gainera, Kataluniako indar politiko eta mugimendu sozial independentistekin «harremanak sendotzeko» baliatuko du bidaia EH Bilduko ordezkaritzak, eta hainbat ekitaldi eta bileratan izango da.

Kataluniako erakundeen ekitaldi ofizialetan ere izango dira Iriarte, Aizpurua eta Barrena. Eta Diadaren egunean, Rafael Casanovaren monumentuaren aurrean egin ohi den lore eskaintzan parte hartzeaz gainera, Bartzelonan arratsaldean egingo den manifestazio handian izango dira.

EAJtik, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta EBBren Antolakuntza Arloko burukide arduraduna den Joseba Aurrekoetxea ere joango dira Bartzelonara Diadaren ospakizunetan parte hartzeko.  

Ortuzar eta Aurrekoetxea PDeCAT-eko presidente David Bonvehírekin eta Kataluniako alderdi horretako beste hainbat ordezkarirekin elkartuko dira gaur iluntzean, Fossar de les Moreres-en urtero egin ohi duten ekitaldian. Bihar, EAJko burukideak Rafael Casanovaren monumentuan goizeko 9.00etatik aurrera egingo den lore eskaintzan izango dira.

«Euskaldunon hitzordua»

Independentistak sareak «Euskaldunon hitzordua» antolatuko du aurten ere. «Espainiar Estatuak, prozesu subiranista katalana eragotzi eta porrot eginaraziz, independentismoari aukera eta bide guztiak itxi nahi dizkio Katalunian zein Euskal Herrian», adierazi dute ohar batean.

Horregatik, «indarrak batzeko» unea dela nabarmendu dute, «espainiar Estatu autoritarioari aurre egin, eta bi herriok independentziaren bidean aurrera egiteko» garaia dela gaineratuz. Gainera, Independentistak sareak Diadan parte hartzeko deia luzatu die euskal herritarrei eta, «elkartasuna eta konplizitate osoa era nabarmenagoan agertzeko», elkarturik parte hartzeko aukera eskaini die.

Helburu horrekin, hitzordua antolatu dute Gran Vian kokatuko den «euskal gunean». Arratsaldeko 15.00etan, Bartzelonako Euskal Etxearen ondoan (Placeta de Montcadan), kalejira irtengo da euskal gunera.

Independentista saretik «kamiseta, zapi eta banderola berde independentistak, ikurrinak, bandera nafarrak eta gainetiko euskal ikurrak» eramateko deia egin dute. Aldi berean, denetariko musika eta animazio tresnak eramateko ere eskatzen dute, «euskal gunea ikusgarria eta arrakastatsua izan dadin».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK