NAIZ

LABek harremanak sendotu ditu Portugalgo konfederazio sindikal nagusiarekin, CGTP IN-ekin

LABek nazioartean dituen harremanen baitan, Portugalera bidaia garrantzitsua egin berri dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Koldo Saenz nazioarteko harremanetarako idazkariak, CGTP IN federazio sindikalak gonbidatuta. CGTP IN Portugalgo konfederazio sindikal nagusia da, eta 800.000 afiliatu inguru ditu.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia eta Portugaleko CGTP IN sindikatuko ordezkaria, hitzarmena sinatzen. (LAB)
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia eta Portugaleko CGTP IN sindikatuko ordezkaria, hitzarmena sinatzen. (LAB)

LABeko kideek bidaia garrantzitsua izan dela diote, alde batetik, Europako aliantzei begira CGTP IN konfederazioarekin harremanak estutzea dakarrelako, eta, bestetik, Portugalgo egoera politiko, ekonomiko eta soziala bertatik bertara ezagutzeko aukera eman dielako.

Era berean, bidaia hau Europari buruz bi sindikatuek duten ikuspegia partekatzeko baliatu dute, eta ultra-eskuinaren mehatxuaren aurrean ezkerretik alternatibak nola indartu izan dute hizpide, besteak beste. Bide horretan, Europari begirako agenda sozial eta demokratiko alternatibo eta eraldatzaile bat martxan jartzeko beharra konpartitu dute.

Portugalgo egoera aztertu dute bidaian: erreskatea eta haren eragina, ezkerreko alderdien aliantza eta ondorioak. Aldaketa prozesu betean da Portugal: langabezia, defizita eta zor publikoa jaitsi egin dira; pentsioak, berriz, igo; etxebizitza alorrean neurri aurrerakoiak aplikatzen hasi dira... Baina aldaketan ez sakontzeko arriskua ere ikusten dute, eta horrek mugimendu sindikalaren papera are garrantzitsuagoa egiten du une honetan. Aldaketan sakontzeko berme bakarra langileria eta herriak bide horretan jartzea dela ulertzen dute bi sindikatuek.

Eraikuntza sektoreari babesa

Bidaia berean, LABek eta Portugalgo Feviccom sindikatuak (CGTP IN-en barruan dagoen eraikuntza, zeramika eta beira sektoreko sindikatuen federazioa) lankidetza hitzarmen bat sinatu dute. Honekin, Portugalen dauden eraikuntza sektoreko LABeko afiliatuak eta Euskal Herrian dauden eraikuntzako Feviccom sindikatuko afiliatuak sindikatu bien aldetik babestuak geratzen dira.

Zehazki aholkularitza juridikoa bermatuko diete Portugalen nahiz Euskal Herrian. «Modu honetan, langile migranteen lan eskubideak zaindu eta munduko langileen arteko elkartasun sareak josten jarraitzen dugu», adierazi du LABek ohar batean.