Naiz

Xabier Goienetxea Fresnesetik Mont-de-Marsanera eraman dute

Frantziako Gobernuak euskal presoen hurbilketa prozesuari heldu dio berriz. Fresneseko espetxean zegoen Xabier Goienetxea Mot-de-Marsaneko kartzelara eraman dute, Etxerat elkarteak baieztatu duenez.

Mont de Marsaneko espetxea. (NAIZ)
Mont de Marsaneko espetxea. (NAIZ)

Joan zen astean Baionan izan zen Nicole Belloubet frantses Justizia ministroak iragarri zuenez, hainbat euskal presori DPS estatusa kendu ondoren hurbilketa gehiago izanen ziren ondoko asteotan.

Gaur Etxerat elkarteak jakitera eman duenez orain ate Fresneseko espetxean zegoen Xabier Goienetxea Mont-de-Marsanera hurbildu dute.

Xabier Goienetxea Iñaki Retarekin batera atzeman zuten, 2015ean Ortzaizen, ETAren armagabetzeari begirako lanak burutzen ari zela.

Zazpi urteko kartzela zigorra jaso zuten biek ala biek sumar¡o horretan. Izan ere, epaitegiak zigorren batuketa onartu zuen, 2017an Goienetxeak 14 urteko kartzela zigorra jaso zuelako jadanik Jean Nerin frantses poliziari loturiko auziaren baitan.

Hain zuzen ere Nerin auzian bizi arteko kartzela zigorra jaso zuen Mikel Karrera iragan maiatzean Lannemezango espetxera hurbildu zuten. Uztailean, berriz, Garikoitz Aspiazu lekualdatu zuten. Parisen euskal delegazioak zabaldu zuen elkarrizketa eremuan joan zen udazkenean gertatu zen blokeoa gainditutzat ematea ahalbideratu zuten aipaturiko bi hurbilketa horiek.

Egun Mont-de-Marsan eta Lannemezango presondegietan ez diren bost gizonezko preso daude preso frantziar Estatuan: Iñaki Reta, Joseba Fernandez, Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Josu Urrutikoetxea.

Emazteen kasuan, frantziar Estatuan diren zortzi presoak sakabanaturik segitzen dute presondegi ezberdinetan, Euskal Herritik gertu diren eta emazteendako eremuak eskaintzen dituzten kartzelak ez direlako.

Hain zuzen ere Nicole Belloubetek lehen aldiz heldu zion emazteen auziari France Bleu irratian eman zuen elkarrizketa batean. Justizia ministroak iragarri zuenez heldu den bizpahiru urteetan Pau eta Tolosan (Okzitania) emazteei egokitutako moduloak ezartzeko asmoa du bere Gobernuak.