Naiz
Durango

Ahotsenean jotzeko izen ematea irailaren 23an zabalduko dute

Sortzaileek Durangoko Azokako guneetan parte hartzeko aukera izango dute, eta proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte irailaren 16tik urriaren 14ra biartean. Zazpi gune ezberdin izango dira.

Musika taldeek euren diskak aurkezten dituzte Ahotsenean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Musika taldeek euren diskak aurkezten dituzte Ahotsenean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Durangoko Azokan Ahotsenea espazioan jo nahi duten taldeek izena eman beharko dute webgunean. Epea irailaren 23an zabalduko dute, 9.00etan. Aurten online bete beharreko formulario baten bitartez bakarrik jasoko dituzte eskariak.

Azokako beste gune batzuetan parte hartzeko aukera ere izango dute sortzaileek, euren proposamenak jendaurrean agertuz. Horretarako irailaren16an zabalduko dute izena emateko epea, urriaren 14ra arte (eskaria luzatzeak ez du esan nahi onartua izan dela).

Aipatutako Ahotsenea gunea bi zatitan banatzen da. Alde batetik, Ahotsenea Solasaldiak dago, euskarazko literatura lanak aurkezteko espazioa (20-30 minutu bakoitzak). Beste aldetik, Ahotsenea Zuzenekoak karpan kontzertu laburrak eskaintzen dira.

Areto Nagusian 20 minutuko tarteak egokitzen dira aurkezpenak egin ahal izateko, eta azokako partaideek eta euskarazko ekoizpenek dute lehentasuna. Hala ere, beste proposamen bereziek ere izaten dute noiz behinka lekua. 

Kabi@ espazioan kultura digitalarekin zerikusia duten aurkezpenak eta ekitaldiak antolatzen dira. Egitarauaren zati bat aurrez definitzen da, baina proiektu zehatzak aurkezteko behar izaten den tartea ere egokitzen da. 

Szenatokia Landakotik 5 minutura dago. Antzokia denez, euskarazko antzezlanek edota arte eszenikoekin zerikusia izan dezaketen proposamenek osatzen dute egitaraua. Dena den, aurrez definituta dago egitaraua da eta ez da gune honetarako deialdirik zabaltzen.

Irudienea Durangoko Zine Zugazan dago kokatuta. Euskarazko ikus-entzunezkoak erakusteko gunea da eta aurkezten den ikus-entzunezkoaren emanaldia baino lehen, 10-15 minutuko azalpen laburra egiteko tartea izaten da.

Saguganbara Landakoren ondoan dago, Elkartegia eraikinean. Haur eta gazte arloan, arte diziplina ezberdinetako sormen lanak ezagutzera emateko gunea da, beraz, denbora tarteak disziplinetara egokitzen dira.

Plateruena Landako ondoko antzokia da. Egunez taberna zerbitzua eta gauetan kontzertu luzeak eskaintzen ditu. Ez da aurkezpenetarako deialdirik zabaltzen.