NAIZ
ZESTOA

Antzezlanak, Ekain kobazuloaren 50. urteurrenaren ospakizunen baitan

Espeleologia eta arkeologia muinean duen umorezko ‘Ama-alu-lur’ antzezlana eskainiko dute urriaren 18an Zestoako Kultur Etxean. Lili Jauregian, berriz, bisita gidatuak doakoak izango dira egun horretan. Era berean, Ice Age Europe Day ospatuko du Ekainberrik irailaren 22an. 

Pasa den ekainean Donostian eskaini zuen ikuskizuna. (NAIZ)
Pasa den ekainean Donostian eskaini zuen ikuskizuna. (NAIZ)

Ekain kobazuloaren aurkikuntzak 50 urte bete zituen ekainaren 8an. Hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtean zehar, Ekainberri erreplika erdigunean jarriz.

Alde batetik, Ice Age Europe lankidetza sareko kide da euskal museoa, eta bere urteurrenaren baitan Ice Age Europe Day ospatzea erabaki du, irailaren 22an. Geroago, urriaren 18an, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundiek antolatutako Europako Ondarearen Jardunaldiekin bat egingo du. Hala, Zestoako Kultur Etxean ‘Ama-alu-lur’ saritutako antzezlana eskainiko dute.

Egun berean, Lili Jauregiak doako bisita antzeztuak eskainiko ditu –urtean zehar ere egiten dituzte baina ordainpekoak dira–. Horietara joan ahal izateako erreserba egin beharko da Ekainberriko bulegoan.

‘Lilitarren ohorea’ izango da Zestoako jauregi historikoaren berri emango duen antzezlana. Bakarrizketa batean, Jauregian bizi izan zen Lili leinuko azken kideak, Andre Madalenek, 1678. urtera eramaten ditu bisitariak, eta bidean etxeko gela eta aretoetan murgiltzen dira.

Era berean, udako bisitarien zurrunbiloaren ostean, urte amaierara bitartean ikasleak hartzeko ari da prestatzen Ekainberri. Eskaintza didaktikoa ikasmailari egokitzen zaion jarduerekin osatzen da, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lanbide Heziketaraino. Aurtengo ikasturteari begira gainera eskaintza didaktikoari buelta bat eman zaio, berritasunak txertatu dira eta dagoeneko ikastetxeek erreserba egiteko aukera dute.