Jon Ormazabal

Barrenetxeak lehen txapela jantzi du final handi batean (27-30)

Hernaniko atzelaria 25-22 joan da atzetik baina amaierara freskoago heldu da eta buelta eman dio partidari.

Barrenetxeak garaipen izugarria lortu du. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)
Barrenetxeak garaipen izugarria lortu du. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Fedez eta kemenez betetako final batean nagusituta, Endika Barrenetxea da erremonteko buruz burukoaren txapeldun berria, zazpigarren txapela nahi zuen Javi Urriza handiari 27-30 irabazita. Final oso borrokatu batean, iruindarrak gertu izan du txapela 25-22 aurreratzea lortu duenean, baina hernaniarrak ez du amore eman eta, sakea lagun, partidari buelta eman dio ordu eta laurdeneko borrokaren ostean.

Elkarren aurka aurretik jokatutako partida guztietan iruindarra nagusi izan zen arren, gipuzkoarrak fede handia zuen bere aukeretan eta konfiantza horrek sekulako saria izan du beretzat.

Partida hasiera bikaina izan du atzelariak eta 2-6 aurreratu da, baina partidan sartzea kosta zaion Urrizak pixkanaka gora egin du eta laster hartu du markagailuaren agintea (9-7). Hortxe heldu dira Urrizaren unerik onenak, errematean gehiago asmatu du eta 14-10 aurreratzea lortu du. Barrenetxeak, ordea, bere indarrengan sinistu du une oro eta partidari eutsi ahal izan dio.

Hiru aldiz tanto bakarrera gerturatu ostean, 25ekoan lortu du partida berriro ere orekatzea eta fisikoki ere indartsuago heldu denez, lehia amaiera berea izan da erabat. Sakez ere ordura arte baina gehiago asmatu du txanda horretan eta ondo merezi eta borrokatutako txapela eskuratu du. 2007an Patxi Zeberiok Koteto Ezkurra garaitu zuenetik, txapela guztiak Nafarroara joan badira, aurtengoa Hernanin geratu da.