NAIZ

Inoizko parte-hartzerik handiena Irun Hiria Literatura Sarietan

Irun Hiria Literatura Sarien XLIII. ediziora 572 lan aurkeztu dira, inoizko kopururik handiena. Horien artean Jose Maria Garcia-Viana, Aritz Gorrotxategi, Paula Lapido eta Carlos J. Aldazabalen lanak saritu dituzte.

Irun Hiria Kutxa Literatura Sarien XLIII. ediziora 572 lan aurkeztu dira guztira, horietatik 533 gaztelaniaz (294 eleberri eta 239 olerki-sorta) eta 39 euskaraz (20 eleberri eta 19 olerki-bilduma). Jose Maria Garcia-Viana izan da euskarazko eleberri onenaren saria jaso duena (25.000 euro eta garaikurra), ‘Pentaedroa’ liburuagatik. Euskarazko olerkiaren atalean Aritz Gorrotxategi saritu dute (15.000 euro eta garaikurra), ‘Amua’ proposamenagatik.

Gaztelaniazkoetan Paula Lapidok eman du eleberri onenaren saria (25.000 euro eta garaikurra), ‘Los que alcanzan la orilla’ laganatik, eta Carlos J. Aldazabalen ‘Mauritania no es un país con nieve’ bildumak eman du olerkigintzaren alorreko saria (15.000 eta garaikurra).

Gorakada partehartzean

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, inoizko parte-hartze handiena izan da edizio honetan. 2017ko edizioarekin alderatuta 124 lan gehiago aurkeztu dira, %27,68 gehiago alegia. Igoera handiena gaztelaniazko eleberrien alorrean eman da, 66 lan gehiago aurkeztu baitira, 2017an baino %28 gehiago.

Jatorriari begiratuta Madrilgo erkidegotik aurkeztu da lan gehien, %19, eta jarraian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa leudeke, denera %18arekin.

Estatu espainoletik kanpoko herrialdeen parte hartzea ere nabarmen igo da. 2017an 15 herrialdetako lanak aurkeztu baziren, aurtengo edizioan 25 herrialdetakoak izan dira. Herrialde horietatik helarazi den lan kopurua, gainera, bikoiztu egin da. Argentina (22), Mexiko (15), Alemania (11), Kuba (8), Italia (4), Txile (4) eta Bretainia Handiko lanak jaso dituztela zehaztu dute antolakuntzatik.