Ane URKIRI
Tolosa

Bera Beraren nagusitasuna Eli Cesareoren lesioak izoztu du Tolosan (31-45)

Super Amara Bera Bera nagusi izan da EHF Cupeko kanporaketako itzulerako neurketan ere. Larunbatean legez, hamalau goleko abantailarekin garaitu du LK Zug talde suitzarra. Eli Cesareoren lesio gogorrak –58. minutuan– Usabal kiroldegiko harmailak izoztu ditu.

Nekane Teresek bost gol egin zituen, horietatik lau hasierako hamabi minutuetan.(Andoni CANELLADA / FOKU)
Nekane Teresek bost gol egin zituen, horietatik lau hasierako hamabi minutuetan.(Andoni CANELLADA / FOKU)

Bi minutu falta zirela Eli Cesareo zazpi metroetako jaurtiketa egiteko prest zegoen. Sartu du, egin du 44. gola baina bat-batean mugimendu arraro bat egin eta ziplo erori da lurrera. Belaunak huts egin dio eta oihuak nagusitu dira Usabalgo kiroldegian. Izoztu egin du giroa Cesareoren lesio gogorrak eta Bera Beraren neurketa borobila bigarren planora pasatu da.

Historia gehiegirik gabeko lehia izan delako hasierako minutuetatik. Aurreneko bost erasotan lau gol sartu ditu –Cardosok huts egin du 7 metroetatik– Bera Berak. Gustora aritu da erasoan, eta horren erakusle dira Teresen lau golak aurreneko 12 minutuetan. Arrojeria, Etxeberria zein Arderiusek ederki bilatu dute nafarra eta Cesareok ere bide beretik jarraitu du Teres ordezkatu duenean.

Gilen jaurtiketa oro golaren ziurtagiri dira, Etxeberria ere fin aritu da hasieratik, Menendez konfiantzarekin, eta Cardosok lau golekin itxi du lehen zatia –zazpi gol egin zituen guztira–. Aurreneko hogeita hamar minutuetan 25 gol egin dituzte donostiarrek; suitzarrek, aldiz, hamaika.

Imanol Alvarezek minutuak banatzeko aukera izan du gaurkoan ere. Evelyn Brionesek bere lehenengo gola sartu du hemeretzigarren minutuan Bera Berako lehen taldeko elastikoarekin eta June Ruiz de Gauna donostiarrak debuta egin du Europan.

Joan-etorriko bigarren zatia

Bera Berak lau baloi besterik ez ditu galdu atsedenaldira bitartean, atezainen zazpi geldituez gain –Petursdottir-ek bost gelditu egin ditu eta Abt-ek bi, biak zazpi metroetatik–. LK Zug-ek, hamazazpi baloi galdu ditu eta Castellanosek hamalau gelditu egin ditu. Bi datu hauek nahikoak dira nagusitasuna laburbiltzeko. 

Bigarren zatian berdin-berdin jarraitu dute eta azkenerako jada, jokaldi loratuak ere bai tartean, lasaitasun pixka bat ezarri da Usabalgo pistan. Joan-etorriko neurketa bilakatu eta modu horretan erosoago aritu da atzo etxeko taldea izan zen LK Zug. Schererek sei gol egin ditu eta Hasler-Petrigek lau.

Boada eta Arderius gustora aritu dira, baita Pizzo ere. Teres –lehendabizi– eta Cesareo –bukaera aldean– ederki moldatu dira bi suitzarren artean. 7 metroko jaurtiketak eragin dituzte eta horietariko batean etorri da kataluniarraren ezbeharra, 58. minutuan.

Dena kolore arrosakoa izatea kasik ezinezkoa dela erakutsi du eskubaloiak. Datozen orduetan zehaztuko dute Cesareoren lesioa baina bere zortzigarren gola erdietsi duenean belaunak egin dion mugimendu arraroa erreparatuta, ez da espero ezer onik.

ASC Corona Brasov, hurrengo arerioa

EHF Cup txapelketako lehenengo kanporaketa aise garaituta, bigarrenenean ASC Corona Brasov errumaniarra izango du arerioa. Urrriaren 12ko asteburuan Errumanian jokatuko du eta 19an, Donostian.

Orain, datozen bi asteburuetan atseden izango du Bera Berak. Urriaren 5ean Liberbank Gijonen bisita jasoko du ligako hirugarren jardunaldian.