«Elgarrekin» aldagune intermodala sortzeko lanak, abian Hendaian

Hendaiako tren geltokiaren eremuan gaur abiatu dira "Elgarrekin" izena hartuko duen aldegune intermodala sortzeko lanak. Bidasoaren bi aldeko herritarrek autoz egiten dituzte gehienbat ohiko joan-jinak. Egunero 45.000 auto inguruk zeharkatzen dute muga. Aldagune berriak trena eta oro har garraio kolektiboaren erabilpena bultzatzea du xede.

NAIZ|HENDAIA|2019/09/16
Hendaia-trengeltokia
Hendaiako tren geltokia. (Naiz)

Gaur abiatu dituzte Hendaiako tren geltokiaren auzoko egunerokotasuna zeharo aldatuko dituzten lanak. Hartara, lanak iraun bitartean De Gaulle jeneralaren etorbidea itxiko dute eta ibilgailuen zirkulazioa moztearekin batera ez da ezinen autoa aparkatu. Autoak Azaroaren 11ko karrika eta Deportatuen karriketara bideratuko dira.

Lanen lehen faseak saneamendu sarea bereizi eta edateko uraren sarea azkartzea du helburu. Aldi berean, beste sareetako lanak ere eginen dituzte (argindarra, telefonia).

21 SNCF eraikina eta haren mediku lokala urte amaitu aitzin botako dituzte. Geltoki atari zabalagoa eginen dute helgarritasuna areagotzeko. Horrekin batera SNCF geltokiaren eta Euskotren geltokiaren arteko lotura hobetu nahi dute.

Egungo Euskotren geltokia (Topoa) azaroan botako dute eta 2020ko udarako berria egina behar luke. Anartean, behin-behineko geltoki bat antolatuko da nora De Gaulle jeneralaren etorbidetik Pausuko karrikan barne sartuko dena.

Bidasoaren bi aldeetako erakundeak

"Elgarrekin" proiektuak aldagune multimodal bat sortzea du xede, hartara trenbidezko garraioa indartu eta oro har beste garraio kolektiboak bultzatu.

Lan horien bidez SNCF eta Euskotren geltokien helgarritasuna hobetu nahi dute, baita zerbitzu ezberdinen artean (TER, Topo Euskotren, Txik Txak autobusak, hiribusak baina baita bizikletak ere) lotura eragingorragoa bilakatzea.

Ipar eta Hego Euskal Herri arteko pasabide nagusia den Hendaia era Irun arteko eremuan mugimendu gehienak autoz egiten dira.

Egunero-egunero ia 45 000 autok zeharkatzen dute Bidasoa eta 90 000 uda garaian. Horretarako dauden hiru zubietako bat zeharkatuta (Santiago zubia, Pausuko zubia eta A63 autobideko zubia).

2.000 herritarrek baizik ez du trenez edo beste talde garraioa baliatzen eguneroko joan-jinak egiteko. «Bidasoaren bi aldeetan lan egiten duten 10.000 langilek mugitzeko baliabide berriak ukaitea» litzateke, beraz, aldagune berriaren helburu nagusia.

Horrendako, ezinbestean, zerbitzuen maiztasuna eta bereziki bi aldeetako talde garraioen arteko lotura hobetu beharko lituzkete.

Euskotrenek Hendaian duen geltokiak (Topo zerbitzua) 700.000 bidaiari hartzen ditu urtero, eta SNCFko geltokiak (TER eta distantzia luzeko trenak), berriz, 300.000. Bestalde, SNCF geltokia erabiltzen duten bidaiarien % 50k Topo zerbitzuarekin lotura egiten du.