Bermeo Tuna Tagging Challenge ekimenaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Atungorriaren ikerketa eta arrantza iraunkorra bultzatzeko asmoa duen ekimena da Bermeo Tuna Tagging Challenge. Aurtengoa bere bigarren edizioa da. Ostiral honetan hasi eta igandera arte iraungo du ekitaldiak.

NAIZ|Bermeo|2019/09/18
Tunataggingchallenge_aurkezpena
Ezkerretik eskuinera, Ignasi Ferrer Seastainable Ventureseko zuzendaria, Aritz Abaroa Bermeoko alkatea eta Leandro Azkue Lakuako Arrantza zuzendaria.(AZTI)

Bermeo Tuna Tagging Challenge ekitaldiak arrantza eta zientzia elkartuta Bizkaiko golkoko atungorriaren kontserbazioa bilatzen du. Ostiral honetan hasiko da ekimen honen bigarren edizioa Bermeon eta igandera arte iraungo du.

Ekitaldiaren programan era guztietako jarduerak sartzen dira; esaterako, atun pieza handien markaketa elektronikoa, haurrentzako tailerrak eta informazio materialen proiekzioa.

Ekitaldi honen helburu nagusia atungorriaren markaketa elektronikoa da (markaketa arruntekin osatuz), Aztiko zientzialariek satelite bidez espeziearen jarraipena egin eta ekologia eta tunidoen portaera ikertu ahal dezaten Bizkaiko golkoan. Marka elektroniko guztiak Lakua eta Itsas Garapen Elkartearen eskutik entregatu dira jada eta ziurtatu dutenez, hauetatik atera diren datuekin hobeto ezagutu ahal izango da atungorrien stockaren egitura, haien kudeaketa iraunkorra hobetzeko.

Hamabost itsasontziren parte hartzea

Asteazken honetan egin dute aurkezpen ekitaldia Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta bertan egon dira Lakuako Arrantza zuzendari Leandro Azkue, Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Seastainable Ventureseko zuzendari Ignasi Ferrer.

Bertan zehaztu dute 15 itsasontzik baino gehiagok eman dutela izena atunak harrapatu, markatu eta askatzeko lanetan parte hartzeko. Iaz baino sei itsasontzi gehiago dira.

Bermeo Tuna World Capital elkarteari egokitu zaio berriro ekimen honen antolaketa; Bermeon, EAEn eta nazioartean atunaren balio kateko funtsezkoa agente guztien artean iraunkortasuna bultzatzen duen elkartea da.