Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Haize berriturik dator Mintzalasai ekimenaren 8. edizioa Angelu, Biarritz eta Baionan

Urtetik-urtera indartsuago dator Angelu, Biarritz eta Baionan euskararen erabilera sustatzeko egiten den Mintzalasai ekimena. Aurten, zazpi egun iraungo du, 30 elkartek parte hartuko dute, 45 ekimen egingo dituzte, eta 90 laguntzaile ariko dira lanean. 

Elkarte eta erakunde desberdinetako ordezkariek aurkeztu dute Mintzalasai 8. edizioa. Guillaume FAUVEAU
Elkarte eta erakunde desberdinetako ordezkariek aurkeztu dute Mintzalasai 8. edizioa. Guillaume FAUVEAU

Mintzalasai ekimenaren helburuak hastapenetako bera izaten jarraitzen du; «euskararen erabilera sustatzea eta Biarritz-Angelu-Baiona (BAB) eremuan euskara geroz eta presenteago izateko ekimenak proposatzea», azaldu du Viviane Ithursarrik, irailaren 23tik 29ra egingo duten 8. edizioa aurkezteko Biarritzen egin duten prentsaurrekoan. Antolatzaileen esanetan, «diagnostikotik tratamendura pasatzeko tenorea da».

Mintzalasai ekimena antolatzen den zortzigarren aldia izan arren, BAB eremuan egingo den hirugarren aldia izango da, hasieran soilik Biarritzen egiten baitzen. Ithursarriren esanetan, «eremu horretan bizi da Ipar Euskal Herriko biztanleen %40a, beraz euskara hor salbatzen badugu, gainerako eskualdeetan euskara garatzea errazagoa izango da».

Berrikuntzak

Aurten lehen aldiz aste oso bat iraungo du Mintzalasai ekimenak, eta lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko instituzio guztien babesa jaso du. Biarritz, Angelu eta Baionako herriko etxeek ekimenaren bat egin dute, eta Euskal Elkargoak zein Euskal Erakunde Publikoak ere diru laguntzak eman dituzte.

Ordea, antolatzaileek elkarteek urtean zehar egiten duten lana azpimarratu dute. Eta zentzu horretan, iaztik egin diren ekimen desberdinak ekarri dituzte gogora, hala nola, festak antolatzen dituzten elkarteentzako fitxa pedagogikoak, webgune berritua edo gutxieneko esaldiak osatzeko «bestetako Kit-a», kasu.

«Uste baino gehiago girelako» dio aurtengo leloak, baina ez da soilik euskal hiztunentzako ekimena izango, artean euskaraz ikasi nahi dutenentzat ere aukerak izango baitira, eta haiek erakartzeko erabili duten leloa, ostera, zera da: «C'est le moment de se jeter à l'eau!» (uretara salto egiteko tenorea da!).