NAIZ

Udalbiltzak zuzendaritza berritu eta mila hautetsi bildu nahi ditu bere 20. urteurrenean

Bere 20. urteurrenean, Udalbiltzak bere lehendakaria eta zuzendaritza politikoa berrituko du. Azaroaren 16ko aurki Batzar Orokorrean, Durangon, Udalbiltzara atxikituriko kide guztiek izango dute bozketetan parte hartzeko aukera, eta kide historikoak gonbidatuko dituzte urtebetetze borobila belaunaldi guztien artean ospatzeko.

Udalbiltzako kideen eta kide historikoen familia argazkia, erakunde nazionalaren 20. urteurrenean. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Udalbiltzako kideen eta kide historikoen familia argazkia, erakunde nazionalaren 20. urteurrenean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Eraberritzeko eta funtzioak berrikusteko gogoekin heldu da Udalbiltza 2019ko paradara, hainbat proiektu loratze bidean direlarik. Irudi berria ere garatu du erakundearen eraberritzea irudikatzeko, era berean aurreko hamarkadetako jarduna bere eginez.

Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuan zenbait esparru estrategikotan eragiteko beharra nabarmendu zen: turismoan, burujabetzan, nazio identitatean, elkarlanean… eta horietarik abiatu dira egun esku artean dituzten proiektuak.

Proiektu berriak

Proiektu berrietako bat Lurgida da. Laster gure smartphonetan eta web ingurunean baliatzen ahalko dugun APP turistikoa da. Bertan, «gure herria berrezagutzeko beste modu bat proposatuko dugu. Euskal Herriko ondare immateriala, hainbat ibilbide miragarri eta autokarabana zein camperrak pausatzen uzten dituzten etxaldeak bildu ditugu, lau hizkuntzatan», azaldu dute Udalbiltzako kideek gaur Donostiako Koldo Mitxelenan egin duten aurkezpenean.

Ikerbiltza programaren berri ere eman dute. «Bertan, Euskal unibertsitateetan sortzen den ezagutzaren bidez, Euskal Herriko herrien garapena sustatzen da, elikadura nahiz energia burujabetzaren eta ekonomia sozial eraldatzailearen ikuspegitik».

Bestetik, udal eta herri ekinbideetatik sortzen diren proiektu arrakastatsu, eraldatzaile, eramangarri eta aurrerakoiak saretzeko eta ezagutzera emateko, Hartu-Eman esperientzien bankua sortu du Udalbiltzak, udalbiltza.eus webgunean ikusgai dagoena.

«Udalerrien arteko senidetzeek Euskal Herriaren kohesioa bultzatzeko potentziala dutela sinesten dugu. Horregatik, udalerrien arteko senidetze proiektuak aurrera eramateko udalei edota eragileei laguntza teknikoa, juridikoa eta finantzarioa eskaintzeko sortu zen 2002an Hurbiltzen programa», agertu dute.

Azkenik, proiektu guztien artean ikusmin gehien pizten duen EHNA berrabiatzeko lanetan dabiltza. «Euskal Herriko Nortasun Adierazpenaren balio sinboliko indartsuaz harago, ohartzen gara jendearengan zeinen garrantzitsua den nazio identitatea indartzen eta gure lurraldeen batasuna aldarrikatzen duen ekinbide honen beharra», erran dute.

Mila hautetsi lortzeko erronka

Ez da lan makala aurretik dutena. Hori dela eta, mila hautetsiren atxikimendua lortzeko erronka hartu du Udalbiltzak, bakoitzak bere esparrutik, bakoitzak bere gogoetatik, garatuko diren proiektuetan, nahiz etorriko diren ekinbideen garapenean ere parte hartzeko. Une honetan, 600 hautetsi dira atxiki direnak, eta milakora iristeko lan egiten jarraituko dute. Horrenbestez, gure dinamikarekin bat egiten duten hautetsi guztiei atxikitzeko deia eta gonbita zabaltzen diete.