IDOIA ERASO

Bihar abiatuko da taldekako Xilaba, Iparraldeko hiru lurraldeetako bertsolari txapelketa

Taldekako eredua baliatuko du bigarren urtez Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko bertsolari txapelketak. Ostiralarekin abiatuko da Xilaba Itsasun, eta azaroaren 16an Izturitzen finala ospatu arte, bederatzi taldetan banatutako 34 bertsolari ariko dira lehian. Lehen fasean bederatzi saio izanen dira, eta bi finalerdiren ondoren bertso bazkari batekin ospatuko da final handia.

Mattinsalto taldeak irabazi zuen taldekako lehen Xilaba. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Mattinsalto taldeak irabazi zuen taldekako lehen Xilaba. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Iaz jarri zuten abian Taldekako Xilabaren formatua. Arrakasta handia bildu zuen, eta ohi baino bertsolari gehiagok parte hartzen zuela ikusirik, aurten formula errepikatzea deliberatu du Bertsularien Lagunak elkarteak.

Hiruna taldez osatutako hiru multzoren artean jokatuko da lehen faseko ligaxka. Talde bakoitzean hiru eta bost kide artean biltzen dira, eta gai jartzailea bertsolariekin elkartzen da bertan.

A multzoan Ezkorbrutak, Eskukula eta 4koplasara taldeak ariko dira. B multzoan Hasta la 2toria, Ekainaz eta Kontrabanda izanen dira, eta C taldean Barça taldea, Urruñago eta Ez otoi pentsa.

Egutegia

Bihar abiatuko den lehen faseko bederatzi saioetan bi talde lehiatuko dira aldiro, eta epaileak publikoko pertsonaren bat eta beste multzoetako bertsolariak izanen dira.

Itsasun izanen da lehen saioa, eta larunbatean Hazparnen bigarrena. Irailaren 28an Izpegin eta Saran izanen dira hurrengoak. Urriaren 5ean Alduden eta Pausun, Urriaren 11an eta 12an Amenduzen eta Azkainen, eta ligaxkako azken lehia Urruñan eginen da urriaren 20an.

Finalerdiak azaro hastapenean ospatuko dira, hilaren lehen egunean Baionako Zizpa Gaztetxean eginen den saioan bertsoez eta taloez gozatzeko parada eskainiko da. Azaroaren 2an eginen da bigarrena, eta Muskildin antolatuko den bertso afari baten bitartez ospatuko da. Bi taldeetako irabazleen artean txapela nork eramanen duen deliberatuko da azaroaren 16an Izturitzen eginen den bertso bazkarian.

Taldeka eta banaka

Taldekako lehen Xilaban Xumai Murua, Aitor Servier, Ellande Alfaro, eta Pantxika Solorzanok osatutako Mattinsalto taldeak eraman zuen txapela, Ortzi Idoate, Amets Arzallus, Hodei Renteria, eta Nahia Sascok osatutako Dilindanen kontra. Final jendetsua izan zen Baigorrin egindakoa.

Aurten, taldekako antolaketa errepikatu bada ere, 2020an berriz ere banakako eredua ezarriko da, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako Iparraldeko hiru lurraldeetako sailkapen ofizialerako hitzordua baita.