NAIZ
ELGOIBAR

Gorka Urtaran, Eudeleko buru berria EAJ, EH Bildu eta PSEren arteko akordioari esker

Eudeleko Batzar Nagusiak Gorka Urtaran hautatu du elkarteburu izateko. Pasa den astean EAJ, EH Bildu eta PSEk akordio bat adostu zuten. Elkarteburuordeak izango dira Irungo alkate Jose Antonio Santano (PSE) eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta (EH Bildu).

Urtaran Landaren eskutik jaso du makila. (Jon URBE/FOKU)
Urtaran Landaren eskutik jaso du makila. (Jon URBE/FOKU)

Eudeleko Batzar Orokorra bildu da gaur ostegunean goizean, Elgoibarko IMHko kiroldegian, 2019-2023 udal agintaldirako elkartearen gobernu organoetako kide berriak hautatzeko. Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea hautatu dute bazkideek, elkarteburu izateko. Horretarako gehiengo kualifikatua eskuratu du. Elkarteburuordeak izango dira Irungo alkate Jose Antonio Santano eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta. Halaber Batzarrak Batzorde Eragileko 12 kideak hautatu ditu.

Imanol Landa azken agintaldiko elkarteburuaren eskutik makila jaso ondoren, Urtaranek «gure aurretik egon direnen eskarmentu eta ibilbidearen ondarea» nabarmendu egin du. Bere adierazpenekin, «norbere udalerriaren alde Udaletik lan egitea erabaki duten milaka herritarren ekarpena» ere gogoan izan du, izan ere, «haietako gehienak bolondresak izan dira».

Lehendakari gisa egindako adierazpenetan, Eudelek egindako sare-lanaren balioa nabarmendu egin du Urtaranek, udalerriekin, EAEko erakundeekin eta Europarekin ere egindako elkarlanean oinarritutakoa. Azpimarratu duenez, «sarean, taldean, modu koordinatu eta adostuan lan egiten jarraituko dugu, alderdikeria albo batean lagata eta udalerriak babesteko asmo bateratuarekin».

Elkarteburuak Euskadiko Toki Erakundei buruzko Legea (ETEL) aintzat hartu du, bere esanetan, «gure Herriaren instituzionalizazioan izan dugun mugarririk handiena». Goraipatu duenez, udal autonomiarako eta udalerrien ahotsa helarazteko «ezinbesteko tresna da eta beti agertu da herritarren bizi-kalitatearen alde».

Landaren bizipenak

Bestalde, Landak, agintea uzteko ekitaldian, Eudelen azken lau urteotan izandako bizipenak gogoan izan ditu: «Bene-benetan uste dut euskal udalgintzak lorpen garrantzitsuak izan dituela lau urteotan.  Gogor jardun dugu, elkarlanean, eta xede izan dugu zimenduak sendotzea, zimendu horietatik jarraituko dugulako Eudelen etorkizuneko eraikina altxatzen. Gainera, erakundeak bere historia osoan izan duen Batzorde Eragile anitzenaren errealitatetik egin dugu».