Iratxe Fresneda

Kaleetan gertatzen dira istoriorik onenak

Iratxe Fresneda
Iratxe Fresneda

Hasi gara jadanik lurralde ilunetan barneratzen, besteen begiraden bitartez elikatzen. Zinema gure errealitateen isla bihurtzen da sarri, beste batzuetan, aldiz, bidaian eramaten gaitu, bestelako bizitzak ezagutzera. Begiratu eta pentsamendua aberastu, ez dago gaizki gurean gertatzen den zinemaren festa bizitzea, aukera zoragarria dela esango nuke, ahal izanez gero.

Zinema aretoetatik at gertatzen denaz ere jabetzeko hiria bizi behar da egunotan, kalea bizi, ‘untxi zurien’ arrastroen atzetik ibili. Agian, kale horietan Eva Greenekin topo egin dezakegu, edo Juliet Binoche, Javier Bardem, Laetitia Casta, Costa-Gavras, Penelope Cruz, Michel Houellebecq, Sam Neill, Tim Roth, Kristen Stewart edota Donald Sutherlandekin beste batzuen artean. Bien bitartean, izarrak izar, zinema gomendio xume pare bat gaurkoan: ‘Les miserables’ eta ‘La ola verde’.

Lehenengoa, Ladj Ly-ren maliko zinemagilearen lehen luzemetraia da, Canneseko zinemaldian saritua izan zena. Parisko kaleetan, periferian bizi diren nerabeen eguneroko bizitzak, hiru polizien bidearekin topo egingo du bortizki. Indarkeria poliziala eta oinarrizko eskubideen arteko talkaren bidezidorretatik abiatzen da filma. Aktoreak egindako lan bikainaz aparte, txalotzekoa da zuzendariaren abilezia, ez du ematen bere lehen lan luzea denik, labur egin zaigu.

Canneseko zinema-jaialdian ere (zer ez dator Cannesetik?) Juan Solanasen ‘La ola verde’ (‘Que sea ley’) filma aurkeztu zen, datorren egunotan Donostian ikusi ahal izango duguna. Pelikula programatzeaz gain, Zinemaldiak bat egingo du Argentinan abortuaren legea onartzeko aldarrikapenarekin, antolatzaileek zapi berdez ‘emanaldia’ betetzeko asmoa dute. Filma, abortua legeztatzeko borroka, biktimen lekukotasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko bidaia da. 2018an, Argentinako Senatuak abortuaren legea onartzeari uko egin zion zazpigarren aldiz, ondorioz, kaleak zapi berdez bete ziren. Ea zer gertatzen den Donostian.