Amalur ARTOLA
Elkarrizketa
Iban del Campo
‘GLITTERING MISFITS’ FILMAREN ZUZENDARIA

«Burleskeko artisten bizitza edozein fikziozko film baino harrigarriagoa da»

Off-off Broadway-ra, New Yorkeko antzerki zirkuito komertzialaren itzalpean dagoen eszenara garamatza Iban del Campok ‘Glittering misfits’ dokumentalean. Tigger! eta Dirty Martini dira eszena horretako izarrak, eta haien eskutik ezagutuko du ikusleak Broadwayren B aldeko performer familia handi horren egunerokotasuna.

Off-off Broadwayn barneratzea proposatzen duzu filmean. Nondik sortzen da dokumentalerako ideia?
Proiektu hau duela hamar urte jaio zen, New Yorken dokumentalgintzaren inguruko ikastaro bat egiten nebilela. Film labur bat egin behar nuen, baina New Yorkek zinemagintza hiri bezala duen pisua nabaritzen nuen, edozein izkinetan pelikula baten barruan ikusten nuen nire burua. ‘Zer gehiago egin dezaket nik hemen?’ galdegiten nion nire buruari. Gau batean ikuskizun edo kabaret moduko bat ikustera joan ginen, eta han ezagutu nuen Dirty Martini, pelikulako protagonistetako bat. Bere ikuskizuna aurkikuntza bat izan zen niretzat, inoiz ikusi gabeko zerbait, bere eszenatokiaren gainean mugitzeko modua, bere proposamena oso indartsua egin zitzaidan, txundituta utzi ninduen. Orduan hasi nintzen bere jarraipena egiten, baina Dirty Martinik ikastarorako egin behar nuen laburra guztiz gainditzen zuela ikusi nuen, eta New Yorkeko performer familia underground hori, euren bizitzeko modua dokumentatzea erabaki nuen.

Nolakoa da familia hori?
Euren bizitzeko era edo hautuengatik baztertuak izan diren pertsonak dira, trans munduko jende askorekin ere lotura dute, eta AEBetan zehar birak egiten dituzte. Gogoan dut haien atzetik nenbilela zirko karabana bati jarraika egotearen sentipena nuela, Felliniren estetika zuen troupé baten atzetik nenbilela. Fantasia, kabareta, gaueko jendea, antzerkia, performancea... Dirty Martinik ireki zizkidan performer familia hori ezagutzeko ateak, eta hori zinemagile batentzat harribitxi bat da.

Dirty Martini eta Tigger! dira protagonistak. Nola deskribatuko zenituzke?
Mundu honetako erreferenteak dira. Orain hogei urte, beraiek eta beste lau izan ziren momentuko testuinguru politiko eta sozialeko kezkei erantzunez new burleske deitzen den performance estiloa egiten hasi zirenak. Beraiek kontatzen dute taxi batean kabitzen zirela.

Dirty Martinik egungo edertasun kanonekin erabat hausten du, emakume rubensianoa da, fellinianoa, handia... Berak txikitan ballet klasikoko dantzaria izan nahi zuen, baina akademia gehientan bere fisikoagatik atzera botatzen zuten, txikitatik entzun du arrakasta eduki nahi badu argaldu egin behar duela. Burleskearen bidez horri buelta eman dio, mundu osoko jaialdietan dabil eta zenbait filmetan ere hartu du parte, Cannesen aurkeztu zen Tournée’-n [Mathieu Amalric-en filma] adibidez. Hori bada artista hauen ezaugarria, asko baztertuak sentitu direlako baina badute magia, horregatik filmaren izenburua, ‘Glittering misfits’.

Eta Tigger! mundu horretan salbuespen bat da, gizona delako. Burleskearen munduak, stripteasetik gertu dagoenez,  irudi lezake ikuslego nagusia gizonezkoa dela, baina ez da hala: artistak zein ikusleak, gehienak emakumezkoak dira. Badaude teoriak, irakurketa ezberdinak, mundu hau postfeminismoarekin eta liberazioarekin lotzen dutenak.
Tigger! gay edo queer bezala identifikatzen da eta, Trumpen garaiotan, LGTB mugimenduko aktibista bat da.

Puntako bi artista badira ere, filmean diote kalean oinez doazela inork ez dituela ezagutzen. Zergatik ematen da burleskearen bazterketa hori?
Performance mota hau oso bazterrekoa da. New Yorken Broadway dago, antzerki eta musikaren alderdi komertzialena, gero Off Broadway zirkuitua, eta azkenik Off-off Broadway, ia lurpeko zirkuitu undergrounda. Nahiko gordina da euren proposamena, oso kritikoak dira boterearekin, AEBetako alderdi kontserbadoreenarekin, satiraren bidez hori guztia hankaz gora jartzen dute eta horregatik zentsurarekin arazoak izan dituzte. Baita biluziekin ere: euren ikuskizunak abesti baten inguruan antolatze dituzte, dantza, performance edo antzerki bat egiten dute horri lotuta eta normalean striptease batekin amaitzen da, baina sekula ez dira erabat biluzik geratzen, hor dago jokoa, muga.

Nola hartu zuten halako zirkulu berezian kamera batekin sar zintezela?
Zirkulu horretako antzoki, kabaret eta tabernak txikiak izaten dira, eta gehienetan euren jarraipena egiteko aukera bakarra ni bakarrik satzea zen, ekiporik gabe. Batzuetan ez zen erraza izan baimena lortzea. Protagonisten konfidantza osoa banuen ere batzuetan publikoaren ikuspuntutik soilik graba nezakeen, beste batzuetan sar nintekeen kamerinoetara... Nik euren arteko momentuak grabatu nahi nituen, euren bizimodua, intimitatea. Eta lortu nuen ikusezina izan eta ahalik eta gordinen jasotzea mundu hori. Euren bizitza edozein fikziozko pelikula baino harrigarriagoa baita.

Kritika sozialetik asko du burleskeak, aurreiritziei izkin egitetik, erreibindikaziotik. Hor dago burleskearen indarra?
Burleskea oso labainkorra den terminoa da, baikoitzak ulertzeko eta bizitzeko modu propioa du. Neo burleske, new burleske... etiketei izkin egiten diete, tendentzia bilakatzen ari delako eta tendentzia bilakatzen den orok galtzen du bere esentzia. Badute beldur hori. Eurek esaten dute egiten dutena performancea dela, eta, bai, adierazpide bat da, barruan duten frustrazio hori azaleratzeko eta konpartirzeko erabiltzen dutena.

Ze esanahi du Zinemaldia bezalako erakusleiho batean mundu hau erakutsi ahal izateak?
Pelikularentzat erakuslehio onena da. Eta, uste dut gaur egun New York ez dugula urrun, ezagutzen dugun hiribura da, baina eszena underground hau hain gertu ikusteak harridura sortuko duela uste dut.

Eurak ere harrituta daude, ikusi dutelako aspaldi hasi nintzela euren atzetik eta, zirkuitu honi buruzko pelikula gehiago egin badira ere, beti zirkuitu barruko zinemagileek egin dituzte. Orduan, nire ikuspuntuarekin pixka bat deskolokatuta daude, baina gustura geratu dira, badelako zinea egiteko beste modu bat eta nik uste gogo askorekin daudela beste ikuspuntu hori zabaltzeko.