Arnaitz Gorriti

Hirugarren urtez jarraian, Araski Euskal Kopako txapeldun Gernikaren aurka (50-47)

Emozioz gainezka egon da Durangoko Landako kiroldegiko finala. Laura Quevedo Araskiko hegalekoa izan da partidako jokalari onena, 17 puntu eta partida erabaki duen txapela lortu ondoren.

Txapeldunak garaipena ospatzen. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Txapeldunak garaipena ospatzen. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Emakumeen Dia Liga astebete eskas barru hasiko da, eta prestaketa lanak zertan diren ikusteko hitzordu polita izan dute domeka eguerdian Durangoko Landako kiroldegian RPK Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Euskal Kopako finalean.

Gasteiztarrek azken bi urteetan torneo hau eraman dute, eta oraingoan hirugarren urtez jarraian beste hainbeste egitea erdietsi dute. Laura Quevedo, 17 puntu eta 6 erreboterekin, izendatu dute Euskal Kopako jokalari onena.

Erritmo bizian ekin dio finalak, Araski buru dela ia denbora gehienean. Zentzu hortan Laura Quevedo fitxaketa berriak zerikusi handia izan du, gasteiztarren aurreneko 11 puntuak sartu baititu.

Quevedok azken denboraldietan ez du jokorik onena egin, baina duela lau urte Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eraman zuen; hau da, talentua baduela. Gernika Bizkaiak kostata erantzun dio Araskiren hasiera biziari, baina azkenean laurdena aurretik amaitu du, 13-15, Naiara Diez kapitainak azken segundoan sarturiko hiruko bati esker.

Barruko jokoa da berez bizkaitarren armarik eraginkorrena, baina Euskal Kopako finalaren aurreneko erdian kanpotik sekulako mina eman dute.

Belen Arrojok, Wojtak eta Juana Molinak hiruko jaurtiketak sartu dituzte eta bigarren laurdena hasteaz bat, Lointek Gernika Bizkaiak aldea luzatu egin du.

Araskik, hala ere, erantzuten jakin du hutsarte baten ostean; batetik, 2-3 zonakako defentsa ezarri du –harrigarria bada ere, hirukoak lagatzen dituen defentsa honek bizkaitarren etorria eten du– eta erasoan 8-0eko partziala lortu du talde gasteiztarrak Tamara Seda pibotak barruan egindako lanari eta Laura Quevedoren laugarren hirukoaren ostean.

Gernika Bizkaiak, aldiz, lau jokalari «txikirekin» erantzun du, Belen Arrojo hegal-pibot postuan kokatuz, jokoari bizitasun gehiago eman nahian. Hala ere, Araskik aurrea berreskuratu du atsedenaldira bidean, Raquel Carrera 18 urteko pibot gaztearen saskiratzen batek markagailua 32-29 utzi ondoren.

Erritmoa beherantz, emozioa gorantz

Erritmoa geldotzea lortu du Lointek Gernikak atsedenalditik bueltan. Neurri handi baten, Laura Quevedoren etorria eten dute bizkaitarrek.

Alabaina, ez dio nahi adinako etekinik atera, izan ere defentsa lan bikainari esker Araskik buruan eutsi baitio. Hirugarren laurdeneko partziala 6nakoa baino ez da izan eta ondorioz, azken laurdenera markagailua 38-35 dela iritsi dira.

Erritmoak beherentz egin arren, tentsioak gorantz egin du, eta hala, Madelen Urietak falta teknikoa ikusi du epaileei egin dizkien protestak direla–eta.

Puntuen etorria zertxobait bizitu da, ez asko, eta Gaby Oceteren bi jaurtiketa libreren ostean, gernikarrak aurretik jarri dira, 42-43.

Baina berehala erantzun dute arabarrek. Cristina Molinuevok eta Maria Asurmendik hiruko bana sartu dute, markagailua 48-43 jarriz. Gernikarrek hurbiltzea lortu dute, 48-47 jarri arte, baina azken segundoetan Araski nagusi izan da. Batetik, Tamara Seda pibotak ezustean saskipean saskiratze aparta lortu su. Bestetik, Laura Quevedok –finaleko jokalari onenak–, txapel bikaina jarri du arabarren defentsaren indarraren erakusgarri.

Dena dela, Gaby Ocetek partida luzapenera bidali ahal izan du, baina bere hiruko jaurtiketak uztaia jo eta kanporanzko bidea hartu du.

IDK Gipuzkoa, hirugarren

Emakumeen Euskal Kopako hirugarren posturako partida IDK Gipuzkoak eraman du, Galdakaoko Ibaizabali 55-77 irabazi ondoren. Hastear den Emakumeen Dia Ligan ikusiko da atzo Durangoko Landako kiroldegian jazo zena berresten den ala ez, baina kontua da Mehryn Kraker, Toch Sarr eta Ariel Edwardsek osatzen duen hirukotek sekulako nagusitasuna ezarri dutela.

Azu Muguruzak zuzentzen dituen taldeek erreferente garbiak izan ohi dituzte, eta haien inguruan langile finak daude, Lara Gonzalez edo Ellen Nystrom, kasu. Donostiarrek talde bien arteko maila ezberdintasuna garbi nabarmenarazi du hirugarren posturako partidan.

Atsedenaldiko emaitza 29-39 zen gipuzkoarren alde, baina galdakaoztarren erreakzioaren beldur, IDK Gipuzkoak bere jokoan aurrera pauso bat eman du hirugarren laurdenenean, eta 8-22ko partzial bati esker neurketa erabakita laga du.

Krakerrek eta Sarrek 17na putu sartu zituzten; Edwards –saskiraketez gain, 9 errebote Araskiko jokalari ohiarentzat–, Nystrom eta Laura Garcia ere 10 puntura iritsi dira.