Tomas Alba Batallon Vasco-Español talde parapolizialak akabatu zuen 1979ko irailaren 28an, Astigarragan. HBko zinegotzia zen Donostian, bai eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea ere. Larunbatean omendu du Udalak, 40. urtemuga dela eta. Hala erabaki du Giza Eskubideen Batzordeak, EH Bilduk aurkeztutako ekimenari oniritzia emanez.
EH Bilduk jakinarazi du erabakia. Azken urteoetan beste bi aldiz behintzat egin dio aitortza Donostiako Udalak Albari: 2005ean bere omenezko plaka bat jarri zuen Udaletxearen barruan eta 2014tik Tomas Albaren izena daraman plaza dago Saguesen, Nestor Barrenetxearen «Usoaren bakea»ren eremuan.
Talde honek adierazi duenez, «indarkeria zikloa atzean geratzen ari den arren, ezin dugu ukatu bizikidetza demokratiko baterako bide luzea geratzen dela. Zoritxarrez, oraindik ez dira bermatzen biktima guztien justizia, egia eta erreparazio eskubideak. Horregatik, egia osoa ezagutze aldera, garrantzitsua da maila instituzionalean indarkeria polizialaren, gerra zikinaren eta eskuin-muturraren biktimak aitortzeko aurrerapausoak ematea».
Hauxe erantsi dio EH Bilduk: «Ezin dugu iragana aldatu, baina bai etorkizun hobe baten alde lan egin. Gertuko beste leku batzuetan sentsibilitate politiko eta sozial guztiak bildu dituzten akordioak egiteko gai izan dira, eta Donostia ezin da atzean geratu».