NAIZ
AZPEITIA

Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatuko du ‘Arnasa Gara’ ekimenak

Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) ‘Arnasa Gara’ ekimena aurkeztu dute Azpeitiko San Agustin Kulturgunean. Nafarroako Gobernuak –Euskarabidea Institutuaren bitartez– eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute ekimenean.

Arnasguneen aldeko ekimenaren aurkezpena. (Gorka RUBIO/FOKU)
Arnasguneen aldeko ekimenaren aurkezpena. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea da ‘Arnasa Gara’ ekimenaren helburua, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabe daitezen.

Proiektuak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta kanpaina bat abiatuko da horretarako, ekimena azaltzeko eta bere osagai nagusietakoa izango den ‘Kartzela’ serie digitala herriz herri aurkezteko, hain zuzen. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Ekimenaren inguruko informazioa www.arnasagara.eus web orrian kontsulta daiteke.

Proiektua babesten duten erakundeetako ordezkariak izan dira aurkezpenean: Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria eta Josu Labaka UEMAko lehendakaria.

Halaber, ekimenean parte hartuko duten zenbait udalerritako alkateak aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Lierni Altuna Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneek daukaten garrantzia azpimarratzeko orduan eta proiektu honen atzean dagoen lankidetza nabarmendu dute.

Egoeraren ikerketa

Egungo egoeraren inguruko ikerketa bat egitea izan zen proiektuaren lehen urratsa. Ikerketa kualitatibo bat egin zen, parte hartze prozesuak eginez herriz herri. Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoetako herritarrekin bildu ziren Iametza komunikazio enpresa eta UEMA, eta lanketa horretatik hainbat esperientzia eta gogoeta atera ziren, oso baliagarriak izan direnak geroko proiektua taxutzeko.

Ikerketa kualitatiboa eginda eta arnasguneetako errealitatea hobeto ezagututa, erakundeek arnasguneen inguruko ekimena era egokian diseinatzeko moduan izan dira. ‘Arnasa Gara’ proiektuak bi fase eta hiru osagai nagusi ditu, hirurak hertsiki loturik: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen ekitaldiak eta ‘Kartzela’ serie digitala.

Orotara 22 udalerritan egingo dira saioak: Araban, Aramaion; Nafarroa Beherean, Baigorrin; Bizkaian, Ajangiz, Bermeo, Dima, Lekeitio, Markina-Xemein eta Zeanurin; Gipuzkoan, Abaltzisketa, Aduna, Aia, Altzo, Azpeitia, Itziar, Leintz-Gatzaga, Orexa, Urnieta (Goiburu auzoa) eta Zerainen; eta Nafarroan, Etxarri Aranatz, Goizueta, Leitza eta Lesakan.

Arnasguneetan egindako parte hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia eta elkarrizketetan ateratako zenbait gai jorratuko dira, zeharka nahiz zuzenean: Adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak; euskara eta euskal kultura bereziki baloratzen ez duen gaztea vs jarrera kontzienteagoak; beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak; arnasguneetako pertsonek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna; ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera; hitanoaren erabilera eta generoa.