NAIZ
Iruñea

LABeko kide Imanol Salinas ez dute espetxeratuko, 450 euroko isuna ezarri dio Auzitegiak

Nafarroako Auzitegiak neurri batean onartu egin du LABek jarritako helegitea, auzitegi bereko laugarren aretoak Imanol Salinas sindikalistari ezarritako 21 hilabeteko kartzela zigorraren aurrean. Ez du espetxera joan beharko.

Salinas, ezkerraldean, Itxaso Torregrosa eta Imanol Karrera LABeko kideekin batera.(LAB)
Salinas, ezkerraldean, Itxaso Torregrosa eta Imanol Karrera LABeko kideekin batera.(LAB)

Nafarroako Auzitegiko lehen atalak 450 euroko zigorra ezarri dio Imanol Salinas LABeko sindikalistari eta, beraz, neurri batean onartu egin du sindikatuak jarritako helegitea. Auzitegi bereko laugarren aretoak 21 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zuen. LAB sindikatuaren Borroka Kutxak hartuko du bere gain aipatutako isuna.

Egitateen kalifikazioa nabarmen apaltzen du epai berriak, mehatxu arinak aipatzen baititu. Hau da, «Labella epailearen tesi burugabea, hots, megafono, pankarta eta pegatinak batera erabiltzea bortizkeriatzat jo daitekeela, bertan behera uzten du epaiak». 

Iruñean astearte honetan emandako prentsaurrekoaren bitartez jakinarazi du berria sindikatuak, Itxaso Torregrosak eta Imanol Karrera kideen bitartez. Egun hauetan jasotako elkartasuna eskertzeko hartu du hitza Imanol Salinasek. Kartzela zigorra berretsiz gero, «desobedientziaz» erantzungo zuela ohartarazi zuen Salinasek duela astebete.

«La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka arrakastatsuen ondotik jasotako isun ugariei eta lau prozesu penalei aurre egiteko sortutako Borroka Sindikala Aurrera kanpainaren atal bat itxi berri da», adierazi du LABek.

Orain, urriaren 10eko epaiketaren zain daude Salinas eta ‘Jotas’ Oses. Huerta de Peralta enpresaren atean furgoneta bat aparkatzeagatik epaituko dituzte. Sindikatuaren esanetan, greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzea eta Murtzia nahiz Almeriatik ekarritako lehengaien sarrera eragoztea zen ekintza horren helburua. Bakoitzarentzak 12 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute.