Minen arteko distantziak apurtu ditu lumaz Itxaro Bordak

«Berunezko urteak» deitua den garaira egin du jauzi Itxaro Bordak bere azken eleberriarekin, ‘Susmaezinak’ (Alberdania). Ipar Euskal Herrian aktibo dagoen ETAko komando bateko lau kideak dira protagonista, baina ez haiek bakarrik, baita ere atentatuetako biktimak eta haien albokoak. Giza kondizioa da benetako subjektua, eta fizkioa baliatu du ertz horiek denak kontatzeko.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA|2019/10/08 15:05
Itxaroborda
Narraziora itzuli da Itxaro Borda ‘Susmaezinak’ lanarekin. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

Idazleak berak aitortu duenez, beretzat ere «ariketa» izan da beste azal horietan sartzea, «gutarrak» ez diren biktimak sartzea, alegia. «Kakotxa artean esana beti ere», azpimarratu du Donostian, goizean egindako aurkezpenean.

Azken lan honekin narrazioan zuen isilunean etena egin du: 2012an kaleratu baitzuen ‘Boga boga’. Eta bueltatzeko ez du nolanahiko gaia hautatu. Ausarta ere badela adierazi du, hain zuzen, Jorge Gimenez editoreak. «Literaturan ausardia duela erakusten du, adorea, kuraia. Askatasuna du idazten duenean, aske sentitzen da, erosotasunetik urrun aritzen da Itxaro». Eta lan honekin erakutsi egin du.

Narratzailearen ahotsa hasieran eta bukaeran baino ez da entzungo. Tartean, akzioa. Lau ETA kide. Lau protagonista, baina ez bakarrak. Eleberri berezia da, ez gaiagatik bakarrik, hau heltzeko moduagatik ere. «Giza kondizioa da benetako subjektua», adierazi du Ginemezek. Hala, irakurleak ere ezagutuko ditu atentatuan hildako guardia zibilaren ama, Hipercorreko atentatuan hildakoaren senide bat… «destinoak hauek denak gurutzatu egingo ditu», esan du idazleak. «Bi poloak» landu ditu, haien azaletan sartu da.

Horretarako fikzioa baliatua du, nahiz kasu batzuetan, aitortu duenez, egiari fidela izan zaion. «Gutarrak» ez diren biktimak sartzea gauza berria izan da beretzat. Hemen ere kakotxak eskatu ditu. «Aski erreza da GALek erail duen kide baten azalean sartzea, zailagoa ordea guardia zibilaren alabaz edo haren amaren tragediaz mintzatzea… orain haiek guztiak nahi izan ditut landu», adierazi du.

Protagonistek ahotsak ehuntzeko zailena «distantzia» lortzea izan da. Prentsan argitaratutako artikuluak, irratian entzundako elkarrizketak eta dokumentalak baliatu ditu informazio iturri gisa. «Eredu horietatik abiatuta, nere oihala egin dut. Batzuetan fidela izan natzaio errealitateari, besteetan literaturak baimentzen duen bazterretara joan naiz. Baina beti ere bere sinesgarritasunarekin», kontatu du.

Idazteko ausardia

2019an argitaratua, halako eleberri bat denboran lehenago egitea posible ote zen galdegin zaio baionarrari. «Edonoiz zen posible –erantzun du–, baina ez dugu egin agian ez garelako 'ausartu'». «Minen arteko distantzia» apurtzea ez dela erraza erantsi du. Zentzu horretan, ‘Martutene’ eleberria goraipatu du. «2012an lehen aldiz sartu ginen guardia zibil baten hil kaperan [Ramon] Saizarbitoriari esker. Bide hori areagotu dut», aipatu du.

Ariketa hau egiteko akaso idazle belaunaldi berriek beste erraztasun bat izan dezaketela uste du. Denboran distantzia izateak ematen duen askatasunari esker ziur asko «neuk baino libreago tratatuko dute gaia –esan du–. Beharbada, ordurako zenbait arazo konponduta egongo dira».

«Berunezko urteak». Heriotza, errepresioa, iskanbila… hori guztia estilo soilarekin idatzi du, ez du hornidurarik baliatu, modu deliberatuan. Batzuetan «hotza» ere irudituko zaio akaso irakurleari, esan duenez. «Hau ez da literatura estilo ariketa bat», amaitu du.