NAIZ

1.300 gaztetxok parte hartu dute aurten Triatloia Maite Dut ekimenean

2013an sortu zen Triatloia Maite Dut ekimenak 7-17 urte bitarteko gazteen artean triatloia sustatzea du xede, eta aisialdian, euskaraz, kirola egiteko aukera eskaintzea. Triatloiarekin laguntasuna, izaera aktibo eta positiboa, ohitura osasungarriak eta beste hainbat balio transmititu baitaitezke.

Triatloia Maite Dut ekimenak 15 partaide izan zituen bere lehen udalekuetan, eta urtetik urtera hazten doa ekimena. 2019an 1.300 neska-mutilengana iritsi da.

Aurtengo egitarauari Pazko Astean eman zitzaion hasiera, Getariako Askizu auzoan, kirol udalekuekin. Amaiera, berriz, irailaren 16an izan zen, Donostiako Kontxa hondartzan, Zanbulla probarekin. Tartean, beste bi udaleku egin zituzten (Gipuzkoan eta Nafarroan), eta zortzi topaketa ere bai (Gipuzkoan eta Bizkaian).
 
Kirola eta euskara uztartzen dituen ekimen honen atzean heziketan eta kirol jardueren antolaketan eskarmentu handia duten Arazi, Nik Tri Triatloi Elkartea eta Fitgüne daude.

Datorren urterako lanean

Datorren urtera begira, guztion artean triatloi sarea indartu, familientzat plan apartak sortu eta gazteengana esperientzia aberasgarriekin heltzen jarraitzea da helburua, eta horretan dabiltza dagoeneko lanean.

Aurten, Triatloia Maite Dut egitasmoaren bitartez sustatu nahi diren balioekin bat eginez, ondorengo Triatloi Elkarteren atxikimendua jaso dute, gazteentzat topaketa sare eder bat sortuz: Mugarra Triatloi Elkartea, Antxintxika Triatloi Elkartea, Alarabi Triatloi Elkartea, Ordiziako Triatloi Elkartea eta Urbiko Triatloi Taldeak, besteak beste.

Proiektua ez litzateke posible izango ondorengo erakundeen laguntzarik gabe: Kutxa Fundazioa, Lakuako Gobernuaren Euskara saila, Baserria KM0, Catalana Occidente, Orca, Ameztoi Anaiak, Gipuzkoako Triatloi Federazioa eta Euskadiko Triatloi Federazioa.
 
«Eskerrik asko bihotzez, egitasmo eder hau gauzatzen laguntzen diguzuen guztioi eta ekintzetan parte hartzen duzuenoi. Jarraitu dezagun triatloiarekin gozatzen!».