NAIZ
DONOSTIA

EAJk eta PSEk Hondarribiko Zaldunbordako makroproiektua gelditzearen aurka bozkatu dute

Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari buruzko lege proposamenean adostutakoaren aurka Hondarribian egin nahi den outlet merkatalgune handia gelditzea eskatu du gaur EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, baina EAJk eta PSEk aurka bozkatu dute.

Juan Karlos Izagirre, EH Bilduren batzarkidea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Juan Karlos Izagirre, EH Bilduren batzarkidea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Joan den astean iragarri bezala, Hondarribian egin nahi den outlet merkatalgune handia gelditzeko eskatu du gaur EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAJk eta PSEk horren aurka bozkatu dute.

«Hemen kontua da alderdi guztiok merkatalguneak arautzeko beharra ikusi genuela, arau hori adosteko saiakerak eta ahaleginak egin genituela eta, azkenean, lege forma emanez, adostasunera iritsi ginela, alderdi guztiok, Hondarribiko alkatearen EAJ barne. EAJk eta PSEk sinatu duzue lege hori, eta, beraz, onartu duzue Gipuzkoak ez duela azalera handiko merkatalgune handi gehiagorik behar. Beraz, ez dugu ulertzen gaur Hondarribian egin nahi den eta inguruko herrietan eragin zuzena izango duen proiektu hau gelditu beharrean, aitzakiak jartzen ibiltzea», adierazi du Juan Karlos Izagirrek.

EH Bilduko batzarkideak azaldu du 2019ko otsailean Gasteizko Parlamentuko gehiengo baten babesa zuela lege proposamenak (EH Bildu, Podemos eta PP), baina adostasun zabalago baten mesedetan, lege proposamenaren onarpena atzeratzea erabaki zela, azkenean, ekainaren 27an alderdi guzti-guztien
babesarekin onartzeko.

Horrexegatik, legea onartu bezperan, ekainaren 26an, Hondarribiko
alkateak makroproiektu bati dekretu bidez hasiera eman izana ez dela kasualitatea salatu du. Izan ere, legeak dio berau onartu aurretik hasiera emana duten proiektuak ez dituela aintzat hartzen.

Izagirrek nabarmendu du egun, zailtasun eta arazo asko dituen hurbileko eta kalitatezko denda eta komertzio txikiarentzat, desagertzera bultzatuko duen kolpea izango dela; kotxe pribatuaren erabilera bultzatuz, ingurumenaren ikuspegitik eredu ez jasangarri batean sakontzea ekarriko duela, klima aldaketaren aurkako lana oztopatuz –urtean 5 milioi desplazamendu espero dituzte–; eta, herri eta hirietako hizkuntza ohitura eta kulturan aldaketa nabaria sortuko duela, herri eta hiri bizitza gutxituz eta lotarako eremu huts bilakatzeko arriskuak areagotuz.

PSEk negoziatzeko eskatu dio Hondarribiko alkateari

Gipuzkoako PSEk, bere aldetik, Hondarribiko alkateari «negoziatzeko» eta Zaldunbordako «outleta indarrean den araudira egokitzeko» eskatu dio. Susana Garcia Chueca Batzar Nagusietako bozeramaileak EAJren Udalari galdegin dio proiektuak 10/2019 legea errespetatzeko.

Hondarribiko biztanleen eta komertzio txikiaren oposizio «handiaz» jakitun, bere jarrera berriro aztertu eta akordio zabalago bat bilatzera animatu du.