Frantses Justiziak Iratxe Sorzabalen aurkako hirugarren euroagindu eskaera onartu du

Parisko Dei Auzitegiak Iratxe Sorzabalen aurka espainiar Auzitegi Nazionalak aurkezturiko hirugarren euroaginduari buruzko bere erabakia jakitera eman du. Hiru aldiz bere ebazpena emateko data atzeratu eta gero auzitegiak onartu du eskaera. Gaurko erabakia plazaratu aitzin dagoeneko beste euroagindu eskaera bi onartu zituen frantses Justiziak Sorzabalen aurka Irungo presoak eginiko tortura salaketak aintzat hartu gabe. Bestalde, Iñaki Retaren aurka Madrilek aurkeztu duen euroagindua aztertu dute gaur ere. Erabakia azaroaren 20an emanen dute.

Maite Ubiria|2019/10/09 14:50
Sorzabal
Iratxe Sorzabal. (Jon URBE/FOKU)

Auzitegi Nazional espainiarrak orotara hiru euroagindu aukeztu zituen Iratxe Sorzabalen kontra. Hain zuzen, 1995 eta 1996an gertatutako hiru ekintza armaturengatik epaitu nahi du Estatu espainiarrak.

Sorzabal 2001ean atxilotu zuten eta torturapean deklaratu zuela salatu zuen.

Hori dela eta euroaginduei lotuta, 2017ko irailean iragan zen lehen auzian preso irundarraren defentsak Istanbulgo Protokoloan oinarritutako azterketa psiklogiko eta fisikoak aurkeztu zituen.

Euskal presoak 2001eko deklarazioa torturapean eginarazi ziotela berretsi zuen dokumentuak.

Parisko Dei Auzitegiak informazio gehigarria eskatu zien epaile espainarrei 2001eko gertakariei buruz baina auzitegi espainiarrak Sorzabalen autoinkulpazioan oinarrituriko elementuak baizik ez zituen igorri.

Hala eta guztiz ere, defentsaren helegiteak alboratuz, bi euroagindu eskaera onartu zituen frantses Justiziak, gaur ezagutu den erabakia hartu aitzin.

Xantiana Cachenaut abokatuak NAIZi baieztatu dioenez gaurko erabakiaren aurkako helegitea ezarriko dute Kasazioan.

Bestalde, espainiar Auzitegi Nazionalak Iñaki Retaren aurka aurkeztu zuen euroagindua aztertu du gaur arratsaldean ere Parisko auzitegiak.

2010ko dosier batean auzipetzeko asmoa agertu du Madrilek Retaren entrega eskatuz. Epaitegiak gaur aztertu du auzia eta azaroaren 20an jakitera emanen du bere erabakia.