NAIZ

Xalbador Garmendiari gorazarre egingo zaio Anoetan larunbatean

‘Zeruko Argia’ aldizkarian zuzentzaile, Eusko Kontseilu Nagusiko itzultzaile, ‘Egin’ egunkariko euskara arduradun, Anoetako eta Zaldibiako herriek omenaldia eskainiko diote larunbatean Xalbador Garmendiari. Iazko azaroaren 14ean esan zigun agur.

Xalbador Garmendia. (Jon URBE / FOKU)
Xalbador Garmendia. (Jon URBE / FOKU)

Larunbatean 18.00etan da hitzordua Anoetako herriko plazan. Zaldibian jaioa 1932ko irailaren 20an, Xalbador Garmendiak Anoeta izan zuen bizitoki hamarkada luzez eta bi herriek bat egin dute ekitaldiaren antolaketan «bi herri hauetan urte luzez, eskuzabaltasun osoz, musika eta euskal kantua irakatsiz, herritarrak euskal kulturan heziz, elkarbizitzari ekarri dion aberastasunagatik», adierazi dute antolatzaileek.

«Bertan, haren ibilbidearen zertzelada batzuk emango dira, eta egin dituen lanen berri azaltzearekin batera, antzerkigintzari egindako ekarpenagatik eta, tradizioari eutsiz, euskara modernizatzeari bizitza osoan lotu izanagatik, euskal kulturaren barruan izan duen garrantzia ikusiko da, hori guztia zein garaietako testuinguruan egin zuen ageriko eginaz», gaineratu dute.

‘Zeruko Argia’ aldizkarian zuzentzailea, Eusko Kontseilu Nagusiko itzultzailea, ‘Egin’ egunkariko euskara arduraduna izan zen Garmendia. Euskaltzain urgazle zela, 1968an Arantzazun euskara batuaren oinarriak ezartzeko egindako biltzarrean deklinabideari zegokion txostena aurkeztu zuen.

Hainbat itzulpen lan ere egin zituen, Saint Exupery-ren ‘Printze txikia’, Camusen ‘Gizon zuzenak’, Zajarovaren ‘Lurraren kondaira’ eta Garcia Marquezen ‘Heriotza iragarritako baten kronika’, horien artean. Antzerkigintzan ere aritu zen. 

Jaialdia iragarri dute Anoetan: Nafarroako ttuntturruak izango dira, txalaparta, Zaldibia eta Anoetako dantzariak, Tolosako Udaberri dantza-taldekoak, Abesbatza, txistua, soinua… Anoetako musika eskola eta Ikastolako haurrak ere abestuko dute, Iparraldeko abeslari ezagunak. ‘Printze Txikia’ ipuinaren zati batzuk ere antzeztuko dira.

«Denok zaudete gonbidatuak arratsalde zoragarri eta magikoa bizitzera. Trenez Joan liteke. Eta autoz joan nahi duenak, aparkatzeko erraztasunak izango ditu. Ongi pasatuko duzu. Eta, euskaldun izaten jarraitzeko lagungarri izan duguna, oroituz, agurtzeko aukera paregabea izan dezakezu», luzatu dute gonbidapena.