Amalur ARTOLA

Diaspora eta deserriarekin lotutako lau liburu aurkeztu ditu Donostian William Douglassek

William Douglass, Renoko katedradun emeritua eta euskal diasporaren ikertzaile handia, Euskal Herrian da egunotan eta, gaurkoan, lau liburu aurkeztu ditu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Berak idatzitako ‘Australianuak’ eta ‘Arana’; berak «bideratutako» ‘Prison and Exiles’, Sarrionandiaren antologia poetikoa; eta Javier Arzuagaren ‘At Midnight’.

William Douglas, Mari Jose Olaziregi eta Ruper Ordorika. (Andoni CANELLADA | FOKU)
William Douglas, Mari Jose Olaziregi eta Ruper Ordorika. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal diaspora eta exilioarekin era batera edo bestera lotuta dauden lau agerkari aurkeztu ditu William Douglassek Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Douglass, Nevadako Unibertsitateko katedradun emeritua, ezaguna da gurean euskal diasporaz egin dituen ikerketengatik eta argitaratu dituen liburuengatik, eta orain aurkezten dituen liburu berriak ere ildo horretatik doaz: ‘Amerikanuak: euskaldunak antipodetan’, ‘Arana’, Joseba Sarrionandiaren ‘Prisons and Exiles’ eta Javier Arzuagaren ‘At Midnight’.

Lagun eta adiskidez inguratuta egin du aurkezpena Douglassek eta, hala, Ruper Ordorika izan da ekitaldia ireki duena, gitarraz lagunduta ‘Martin Larralde’ abestuz (aurkezpenean zehar beste hiru kantu ere eskaini ditu’.

Berak idatzitako bi liburuen aurkezpenak egin ditu lehenik, EHUko Mari Jose Olaziregik lagunduta. ‘Australianuak: euskaldunak antipodetan’ ikerketa mardulean XVIII. mendearen amaieran hainbat azukre landaketetara lanera joandako euskaldunen ibilbidea aztertzen du. Douglassek azaldu duenez, ikerketa hau burutzeko Australiara lehen bidaia 80ko hamarkadan egin zuen, hainbat urte beranduago, 2002an, berriro heldu zion gaiari eta, tartean azukrearen eta migratzaileen inguruko bi liburu kaleratu baditu ere, «beti izan dut buruan euskaldunen historia soilik kontatuko zuen liburu bat» osatu behar zuela.

Nahi hori betetzera dator ‘Australianuak’. Hainbat urtetako ikerketa eta elkarrizketaren ondotik –azukrearen ekoizpena industrializatu ostean gunean geratu ziren 25 pertsona, Australia hegoaldera joan ziren beste 25 eta Euskal Herrira itzuli ziren 25 elkarrizketatu ditu–, Australiara emigratu zuten euskaldunen historia biltzen duen agerkaria (euskaraz eta ingelesez). Konfidentzia bat ere egin du: «Ikerketa orduan amaitu banu oker nengokeen; 80ko hamarkadan euskaldunen etorkizunaz egin nituen aurreikuspenak okerrak ziren. Xehetasun guztiak liburuan daude», bota du amua.

Bigarrena ‘Arana’ da. «Baina ez Sabino, Julio Cesar Arana baizik», ohartarazi du. Azaldu duenez, jatorria Tolosaldeko auzuneren batean lukeen gizon hau XIX. mendean kautxuaren jauntxo bilakatu eta Douglassek ‘aranalandia’ izendatu duen lurren jabe –Kolonbiako Putumayo eta Caqueta Ertain inguruan– bilakatu eta hainbat indigenen heriotzaren arduradun izan zen. Haren historia biltzen du liburuak.

Sarrionandiaren antologia

Douglassek azaldu duenez, lagun min duen Joseba Sarrionandiaren ahotik izan zuen Julio Cesar Aranaren berri eta, hain zuzen, Iurretako idazlea du protagonista aurkeztu duen hirugarren liburuak: ‘Prinsons and Exiles’, Joseba Sarrionandiaren antologia poetikoa.

Douglass izan da Sarrionandiaren antologia antolatu –bere burua «bideratzaile» gisa aurkeztu du– eta ingelesez itzuli duena. «Harreman oso estua dugu, Kuban dauden euskaldunen gaineko liburu bat elkarrekin egiteaz hitz egin izan dugu, eta maiz esan izan diot, Kuban horrenbeste goitizen izan dituelarik, ea ba ote dakien nor den», egin du barre. «Liburua Sarrirena da, poemak bereak dira, eta niretzat ohore handia izan da hau guztiaren bideratzailea izatea», esan du, umiltasunez.

Liburuan Sarrionandiaren ibilbidean mugarri izan diren olerkiak –‘Izuen gordelekuetan barrena’ (1981), ‘Marinel zaharrak’ (1987), ‘Gartzelako poemak’ (1992), ‘Hnuy illa nyha majah yahoo’ (1995) eta ‘Hau da ene ondasun guzia’ (1999) bildumak aipatu ditu– bildu eta zazpi ataletan sailkatu ditu Douglassek. Aitortu duenez, elkarlana egoki joan bada ere, epilogoa adosteak eman die lanik: nonbait, Douglassek Sarrionandiaren biografia zehaztua bildu nahi zuen epilogoan, baina iurretarraren ukoa jaso zuen erantzuntzat. «Azkenean, literaturaren historiako epilogo laburrena egin dugu: parrafo bakarrean, liburuaren amaieran biografia hori duela esaten zaio irakurleari, autoreak ez duela nahi irakur dezan baina erabakia berea, irakurlearena dela», azaldu du.

Laugarren eta azken liburua ez dago zuzenean Douglassi lotua, baina bai Nevadako Unibertsitateari. Haren laguntzaz itzuli da ingelesera ‘At Midnight’, Arzuagaren autobiografia. Azaldu dutenez, euskal apaiza gazte zelarik, haren parrokiaren parte bat zen La Cañada, Kubako Iraultzaren ondoren ihes egin ez zuten agintetik botatako diktadorearen konplizeak preso zeuden gotorlekua. 1959an bertan egin ziren exekuzioetan egotea egokitu zitzaion Arzuagari.

Kontakizunean, hamar urterekin abade-etxean sartu eta, bokaziorik ez bazuen ere, apaiz izatera nola derrigortu zuten kontatzen du Arzuagak: «Bera hamar urterekin hil zuten haur baten hilotza zela esaten zuen, Jainkoaren pailazotzat du bere burua, kondenatuei bere buruarentzat ez zuena eman behar baitzien», azaldu du Douglassek.