Biltzar batekin eta dokumental ziklo batekin bukatuko da Scotland Goes Basque programa

Urriaren 16 eta 17 bitartean nazioarteko biltzarra ospatuko dute Eskozian hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa eta hedabideek hauen garapenean duten funtzioari buruz eztabaidatzeko. Era berean, kultura oinarrian duten hainbat dokumental eskainiko dituzte datozen egunetan.

Naiz|2019/10/10 13:33
Scotland
Glasgow-en egingo dituzten ekimenen berri eman dute aurkezpenean. (IREKIA)

Hizkuntza gutxituen hedabideei buruzko nazioarteko biltzar batekin eta zine dokumentaleko ziklo batekin bukatuko da Etxepare Euskal Institutuak 2019. urtean zehar Eskozian antolaturiko #ScotlandGoesBasque programa.

Urriaren 16an eta 17an, Edinburgoko Unibertsitatean, 30tik gora aditu elkartuko dira biltzarrean hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala sustatzeko asmoz. Euskal Herriak eta Eskoziak komunean dituzten faktoreen artean daude hizkuntza aniztasuna, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa eta egoera horren aurrean hedabideek duten funtzioa eta hauen garapena izango dute gaitzat.

1980ko hamarkadaren hasieran, Kataluniako, Hego Euskal Herriko eta Galesko telebisten sorrerarekin, hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruko hausnarketa bultzatu zen, eta, azken urteetan, Internetekin, komunikazio sistema globalaren aurrean hedabide horiek dituzten erronken eta aukeren inguruko hausnarketa ezinbesteko ikusten dute, aurkezpenean nabarmendu dutenez.

Besteak beste, landuko diren gaiak dira komunikazio eta kultura politikak; hedabideen ekonomia eta eremu digitala; telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; audientzia, genero eta eduki azterketak; programazio estrategiak eta edukien kontratazioa; produkzio baldintzak eta distribuzio aukerak; edukien komertzializazioa; hedabideak eta hezkuntza; lurraldetasuna, hizkuntza eta nortasuna; eta hedabideak eta genero ikuspegia.

Bestalde, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, Zeuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika hirietan abiatu zen «kultur enbaxada ibiltaria» izan zen ‘Europa Transit’ dokumental bilduma. Egitasmoaren aitortza gisa, Xuban Intxausti zinemagileak zuzendutako hamar dokumentaletako hiru aurkeztuko dira Edinburgon eta Glasgow-en: ‘Kaleko dantzariak’ (urriak 12), ‘Mugaminak’ (urriak 17) eta ‘Erresilientzia-soinuak’ (urriak 20). Azken honetan Maite Arroitajauregi Mursego da protagonistetako bat, eta horregatik filmaren ostean kontzertua eskainiko du.