Ezgaitasunaren inguruko II. zinemaldia ospatuko dute Gipuzkoako herri desberdinetan

Film labur zein luzeak tartekatuko dituzte Gipuzkoako herri desberdinetan eskainiko dituzten emanaldietan. Horien ostean hitzaldiak egingo dituzte filmetan aurkeztutako gaietan sakondu ahal izateko. Antzezlan bat ere izango da, baita sari banaketa eta dantza erakustaldia ere.

Naiz|Hernani|2019/10/10 17:16
Ezgaitasun
Ana Borrezo, Javier Aymerich, Richard Oribe, Xabier Lertxundi, Andoni Lizeaga eta Julian Rodriguez. (GAINDITZEN)

Gainditzen Tolosaldea-Goierriko Pertsona Gorren Elkarteak antolatzen duen ezgaitasunaren inguruko zinemaldiak bigarren edizioa ospatuko du urriaren 18tik 25era Gipuzkoako herri desberdinetan.

Zinemaldiaren helburua, oztopo guztiak hausteaz gain, ezgaitasuna duten kolektiboen errealitatzeaz gizartea sentsibilizatzea da. Horretarako, pelikulen ostean hitzaldiak egingo dituzte gonbidatutako pertsonekin.

Proiektatuko duten lehen filma Tatiana Cantalejoren ‘O canto das pedras" izango da, Andoaingo Leizaran institutuan (urriak 18, 11.00etan). Ondoren Gautena elkarteko kideak izango dira bertan. Film honetan lantzen den gaia autismoa da.

Egun horretan bertan, baina 19.00etan, Hernaniko Biteri kultur etxean bi laburmetrai eskainiko dituzte: Gabriel Lugigoren ‘La niña pirata’, eta Gabriel Flainen ‘Apnea’. Amaitzean Tipi Salta haurren fisioterapia eta arreta goiztiarreko zentrokoek hitzaldia eskainiko dute.

Urriaren 19an 17.30etan Urnietako Sarobe arte eszenikoen zentruan ‘Me llamo Gennet’ (Miguel Angel Tobias zuzendariak sinatua) eskainiko dute. Pelikula honetarako sarrera 8 euroan dago salgai Gainditzeren webgunean edota Saroben bertan.

Leku eta egun berean, 20.00etan, El Grito pertsona gorren antzerki konpainiak ‘Signos encadenados’ antzezlana eskainiko du (18 urtetik gorakoentzat).

Urriaren 21ean Elgoibarreko Meka institutuan, 11.00etan, bi laburmetrai eskainiko dituzte, ‘Moises’ (Laura de Miguel) eta ‘¿Por qué no?’ (Alberto Azkona). Ondoren Mentxu Arrieta aktorearekin eta Alberto Azkona zuzendariarekin hitzaldia izango da.

Arratsaldez, Tolosako kultur etxean, beste bi labur ikusi ahal izango dira: Carles Jofreren ‘Capitán kinesis’ eta Jose Fernandez Riveiroren ‘Matilde’. Jarraian, Buru Bihotzez elkarteko kideekin eta alzheimerra duen emakume baten semea den Julian Rodriguezek euren esperientziaren berri emango dute.

Urriaren 22an Richard Oribe igerilari olinpikoa izango da hizlari Tolosako Inmakulada institutuan, baina aurretik, 11.00etan, ‘Un guerrero’ (Humberto Margain) eta ‘Fuerza’ (Carla Alonso) lanak eskainiko dituzte.

19.00etan, Donostiako Lugaritz kultur etxean Eloi Tomas Sanzen ‘Más allá del reto de Eva’ proiektatuko dute, eta ondoren protagonistarekin eta zuzendariarekin mahai ingurua egingo dute.

Saio hau errepikatuko dute hurrengo egunean, 11.00etan, Easo politeknikoan. Arratsaldean, berriz, ‘Pumas, abriendo caminos’ (Rafael Ruiz) lana ikusi ahal izango da Hernaniko Biteri kultur etxean. Jarraian, Hernaniko rugby inklusiboko Andoni Lizeaga eta Jon Insausti eta Pumas proiektatuko kide den David Izquierdo izango dira.

Urriaren 24an fibromialgia landuko dute Errenteriako Reina aretoan, 19.00etan, ‘La condena invisible ’ (Maria Flores) eta ‘Vivir bajo la sospecha’ (Alejandro Cadenas Lorente) filmeekin. Bizi Bideko kideek emango dute mintzaldia.

Jaialdia urriaren 25ean itxiko dute Hernanin. 19.00etatik aurrera ‘Les égarés’ (Maria Castillejo, Maëlle Gran Bossi eta Elisabeth Silveiro) eta ‘Don chisciotte’ (Marta Rigo eta Guissepe Zamboni) laburmetraiak ikusi ahal izango dituzte, eta ondoren sari banaketa eta gurpildun aulkian dantza erakustaldia izango dira.