Nafarroako epaien ondoren, hizkuntz eskubideez ohartarazi du EH Bilduk Europan

Europako Legebiltzarrean interpelazioa aurkeztu du ostegun honetan Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatutak, Estatu espainolari hizkuntz eskubideak errespetarazteko eskatuz, bereziki Nafarroako kasuaren harira.

NAIZ|2019/10/10 12:39
Loading player...

Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskararen aurka eman berri dituen bi epaiak Europako Legebiltzarrera eraman ditu gaur goizean Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak. Espainiar Estatuak hizkuntz gutxituen aldeko itunak sinatu dituen arren, hizkuntz gutxituei dagozkien eskubideak ez direla betetzen salatu du.

Barrenak nabarmendu duenez, Nafarroan oztopatu nahi dena ez da bakarrik lehiaketa publikoetan euskara jakinbeharreko hizkuntza gisa hartzea: izan ere, «meritu»tzat hartzearen kontra ere ari dira egiten. Eta honekin euskara ingelesa eta alemanieraren azpitik gelditzen dela ikusarazi die gainerako eurodiputatuei.

Estatuan hizkuntz eskubideekiko berme eza agerian uztea helburu zuelarik, Asturiaseko Legebiltzarkidean gertatutakoa erantsi du Pernando Barrenak: bertako Kultur sailburuari asturieraz aritzea egotzi zitzaion bertan.

Hau dela eta, europar erakundeei interpelazioa egin die EH Bilduko hautetsiak, Estatu espainolean behingoz hizkuntz eskubideak errespeta daitezen. «Aniztasuna hizkuntz bakoitzetik eta identitate bakoitzetik defendatzen da», adierazi du.

Hori egin ezean, azken finean hizkuntz bakarra gailenduko zela jakinarazi du Pernando Barrenak. Eta hizkuntz hori, gainera, «antza hilaren 31ean Europar Batasunetik aterako direnena da», ekarri du gogora, Brexit-ari erreferentzia eginez.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK