@mtxintxurreta

Kataluniako epaiak Estatuaren izaera «antidemokratikoa» erakusten duela dio EH Bilduk

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako independentismoaren liderren aurka emandako epaia Estatu espainiarraren izaera «autoritario eta antidemokratikoaren frogarik argiena da» EH Bilduren iritziz.

Rueda de prensa ofrecida por EH Bildu. (Maialen ANDRÉS / FOKU)
Rueda de prensa ofrecida por EH Bildu. (Maialen ANDRÉS / FOKU)

Kataluniako lider independentistak ia 100 urteko espetxe zigorrera kondenatu dituen epaia 78ko Erregimenak pairatzen duen «krisi politiko, ekonomiko eta lurralde-arlokoari autoritarismoaren bidez erantzuteko» erabakiaren logikaren barruan ulertu behar dela adierazi dute gaur eguerdian Mertxe Aizpurua eta Adolfo Araizek, EH Bilduren Mahai Politikoaren izenean.

Estatuko botereek «kontrarreforma» bat martxan jartzea erabaki dutela nabarmendu dute Mahai Politikoko kideek, eta horretarako baliatzen duten estrategiak direla «askatasunen murrizketa, gure eskubide nazional eta sozialen urraketa, printzipio demokratikoekiko mespretxua, eta gure nahi nazional, errepublikar, subiranista eta progresistak erreprimitzeko mehatxua eta bortxa etengabe erabiltzea».

«Epai hau dugu Estatuak, botere judiziala tresna politiko huts gisa hartuta, gure herrien autodeterminazio-eskubidea defendatzen dugunontzat ezarritako prezioaren gailurra. Horixe da Estatu honen erantzuna: gerra ekonomikoa, 155a eta espetxea», adierazi du Aizpuruak.

«Berandu baino lehen»

Estatu espainiarraren «autoritarismo eta errepresioaren» aurrean, baina, Euskal Herriak «berandu baino lehen» bere etorkizun politikoa modu libre eta baketsuan erabaki dezan lan egiteko hautua berretsi du EH Bilduk, nahiz eta arbuiatu duten Estatu espainiarra ez dela gai «arazoa termino demokratikoetan konpontzeko, Estatuaren plurinazionaltasuna errespetatzeko», ez eta Estatuko herriekin «aurrez aurre jartzeko» ere.

Halaber, balio errepublikar, subiranista eta ezkertiarrekin duen konpromisoa adierazi du, eta euskal herritarrei dei egin die mobilizazioetan parte hartuz Kataluniako herriarekin bere elkartasuna adieraztera nahiz «preso guztien askatasuna eta erbesteratuen itzulera aldarrikatzera, herrien autodeterminazio-eskubidearekin batera».