NAIZ

Lakuak %2,2ra jaitsi du ekonomiaren hazkundearen aurreikuspena

Lakuako Gobernuak %2,2 jaitsi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkundeari buruz egiten zuen aurtengo aurreikuspena. Urte hasieran esperotako ehuneko bera da. Zorra, aldiz, 597 milioi euro jaitsi dela jakinarazi du.

Lakuako Ekonomia Sailak zorra murrizteko bere politika aurkeztu du. (IREKIA)
Lakuako Ekonomia Sailak zorra murrizteko bere politika aurkeztu du. (IREKIA)

Alberto Alberdi Lakuako Ekonomiako sailburuordeak aurreikuspenen errebisioaren berri eman du gaurko agerraldian. Pedro Azpiazu sailburuak, aldiz, aurten Gobernuaren zorra 597 milioi euro jaitsi dela jakinarazi du.

Ikasturte honetan Barne Produktu Gordina guztira %2,2 haztea espero dute. Urtearen lehenengo hiruhilekoan gorakada horixe izan zuen, baita bigarren hiruhilekoan ere.

Hala, Gobernuaren arabera, amaiera eman zaio azken hiruhilekoetako moteltzeari, momentuz behintzat.

Kasik 600 milioi gutxitu da zorra

Azpiazuk azaldu duenez, Lakuak ia 600 milioi euro gutxituko du bere zorra urte bukaerarako. 9.444 milioi euroan geldituko da, BPGaren %12,2an. Zorra gutxitzeko Gobernuaren politikaz mintzatu da sailburua. Aurten aurrekontuaren egonkortasunaren araudiak %13,8ko zorpetzea ahalbidetzen duela agertu du. Horren arabera, EAEko kontu publikoak baimendutako zorraren azpitik dabiltza; 1.000 milioi azpitik.

2020rako zorra 9.291 milioi euroraino jaistea espero dute.

«Buelta eman diogu egoerari –adierazi du Azpiazuk–. Orain, zorrak kitatzen eta herrialde gisa daukagun hipoteka murrizten joateko behar adina baliabide ditugu». Bere iritziz, zorra kitatzea «etorkizunerako inbertsioa» da, agertoki ekonomiko konplikatuagoen aurrean erantzuteko aukerak hobetzen dituelako.