Mobilizazioak gaur herrietan eta manifestazioa larunbatean, Gure Esku Dagok deituta

Elkarretaratzeak deitu ditu gaur Gure Esku Dagok arratsalderako Euskal Herriko herri eta auzoetako plazetan Gorenaren epaia salatzeko. Honekin batera, manifestazio antolatu du larunbaterako Donostian.

NAIZ|2019/10/14
20190217_gureeskudago_donostia
Gure Esku Dagok Donostian egindako beste mobilizazio bat

«Epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Horregatik, epaiketa politiko honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela ozen aldarrikatu dugu hilabeteotan Kataluniako, Euskal Herriko eta Espainiako zein, oro har, nazioarteko milaka ahotsek; baina hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude», adierazi du Gure Esku Dagok epaia jakin eta berehala zabaldu duen ohar batean.

Oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin dela delitua izan nabarmendu du talde honek. «Alderantziz, botere publikoen ardura da haien erabilera bermatzea», gaineratu du.

«Erreferenduma kriminalizatu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai honek. Ez gaude ados. Erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferedum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu», aldarrikatu du Gure Esku Dagok.

«Zigor epai honekin, Altsasuko gazteen aurkako sententziaren, errepresioarekin eta 155. artikulua ezartzearen mehatxuarekin beldurturik nahi gaituzte, etsirik, burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako. Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari. Aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dugu», gaineratu du.

Gauzak horrela gaur arratsaldean herri eta auzoetan mobilizatzera eta larunbatean Donostian egingo den manifestaziora joatea deitu du Gure Esku Dagok.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK