Behobia Gaztea bertan behera geratu da azkenean hauteskundeak ez oztopatzeko

14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako lasterketa izaten da, igande goizean Donostian egiten dena. Ibilbideak eta ordutegiak bi hauteslekuri zuzenean eragiten diotela arrazoitu du Fortunak. Lasterketa nagusiak bere horretan jarraituko du.

NAIZ|2019/10/15
Behobia
Fortunako antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute Behobia Gaztea (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Aurtengo Behobia-Donostia lasterketa jendetsua azroaren 10ean ospatuko da, Estatu espainiarreko hauteskundeen egun berean. Bere garaian, antolatzaileek argi utzi zuten hauteskundeek ez zutela eraginik izango proban eta ez zela egunez aldatuko.

Azkenean, ordea, eraginen bat izango du. Fortunak azken orduotan jakinarazi duenez, Behobia Gaztea bertan behera geldituko da. Behobia Gaztea 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako lasterketa da. Igande goizean ospatzen da eta ohiko ibilbidearen azken kilometroak baliatzen ditu, Herrera ingurutik irten eta Boulevardeko helmugan amaituz. Aurtengoa seigarren edizioa zen.

«Erabaki hau hartzea oso zaila izan zaigu, baina beharrezkoa da, lasterketaren ibilbideak lehen ordutik zuzenean eragiten baitie bi hauteslekuri. Neurri honekin murriztu egingo ditugu hauteslekura joan behar duten herritarrei eragindako eragozpenak», adierazi du Fortunak ohar baten bidez.

Antolatzaileek izena emanda zeuden gazteei gonbidapena egin diete datorren urteko Behobian parte hartzera, baina ez badute nahi «ordaindutako dirua itzuliko zaie ordainketarako erabilitako txartelean».