EH Bilduren ordezkaritza bat, presente SNPren konferentzian

EH Bilduren ordezkaritza batek, Jasone Agirre legebiltzarkidea buru, parte hartu du Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) konferentzian. Horrez gain, euskal diasporako kideekin bildu ziren atzo Glasgown, Brexitaren harira hauek dituzten beldur eta kezkak jaso asmoz. 

Aimar ETXEBERRIA|Aberdeen|2019/10/15
Jasone_agirre
Agirre, SNPren kongresua ospatu den gunean. (NAIZ.EUS)

Eskozia «lehentasunezko herrialde» izanik, bertan izan da egunotan EH Bilduren ordezkaritza bat, Jasone Agirre legebiltzarkidea buru. Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) urtero egin ohi duen konferentzian izan dira koalizioko kideak, «harremanak, zubiak eraikitzen». «Alderdien arteko harremanak sendotzeko aukera izan dugu, eta hori zen hona etortzearen asmo nagusia. Harreman hauek egitea gure prozesuarentzat baliagarria izango delakoan gaude».

Zubiak eraikitze horretan kultura izan dute ardatzetako bat aldeek. Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordeko lehendakaria izanik, bere homonimo eskoziarrarekin biltzeko parada izan du Agirrek. «Elkarlanerako lehen urratsak ematen hasi gara, lehenengo pertsonen arteko zubiak direnak ondoren herrien artekoak bihurtu daitezen», adierazi dio Agirrek NAIZi.

«Pozik, piztuta eta indarrez» aurkitu ditu eskoziarrak EH Bilduko legebiltzarkideak, zeinak giroa «bero» ikusten duen. «Konferentzia ireki zuen Ian Blackforden hitzartzean, esaterako, harritu ninduen zenbatetan aipatu zuen independentzia terminoa».

Euskal diasporarekin biltzeko denbora ere hartu dute EH Bilduko ordezkariek. Zentzu horretan, Glasgown izan ziren atzo, Brexitaren harira bertan bizi diren euskaldunek dituzten sentipen, zalantza eta beldurrak jaso asmoz. «Antsietate maila handia nabaritu genuen. Dena kolokan ikusten dute, askok euren bizi-proiektuak barne. Bada datorren astean bertan Euskal Herrira itzuliko denik ere». 

Informazio falta da diasporako kideek koalizio independentistako ordezkariei adierazitako arazoetako bat, babes faltarekin batera. «Informazioa eta babesa behar dute, entzutea, aintzakotzat hartuak direla sentitzea. Babesgabe sentitzen dira, nahiz eta jakin ez dela gauza bera Eskozian edo Ingalaterran bizitzea». 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK