Emakumeek landa eremuan duten papera aldarrikatu dute Durangon

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren 16. edizioak 120 lagun inguru elkartu ditu Durangon. Euren eskualdeetan garapen jasangarria eta berdintasunezkoa lortzeko esperientziak partekatu dituzte.

NAIZ|2019/10/15
Landa-emakumeak
Jai giroan ospatu dute landa eremuko emakumeek beren eguna, Durangon. (HAZI)

Jai giroa nagusitu da Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren 16. edizioaren ospakizunean. Goizean goiz euskal geografiako puntu desberdinetatik iritsitako emakumez bete da Durangoko San Agustin Kultur Gunea.

Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak, HAZI Fundazioaren bitartez, eta Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak antolatu dute jardunaldia. Elkartzea, eztabaidatzea eta proiektuak aurkeztea izan da asmoa. Emakumeek landa eremuan jokatzen duten rola aldarrikatu dute, eta «aurrera egiten ari garen arren», garapen jasangarria eta berdintasunezkoa lortzeko «oraindik egiteko asko» dagoela azaldu dute.

«Zuhaitza» eta Colletero elkartea

Landa XXI elkarteak –landa eremuko emakumeen eta familien interesak defendatu, ordezkatu eta sustatzen dituena– `Zuhaitza´ lana aurkeztu du, jardunaldirako berariaz prestatua. Proiektuak landa eremuko hainbat emakumeren lanak, bizipenak, hausnarketak, helburuak eta ilusioak biltzen ditu irudi eta hitzen bitartez, hainbat belaunaldi kontuan hartuta, amamengandik bilobenganaino.

Ekitaldiko elkarte gonbidatua Colletero izan da. Errioxako Nalda herrikoa da, emakumeek gidatzen dute, eta hainbat lan esparru lantzen ditu, udalerriaren egoera sozial eta ekonomikoa hobetzeko.

Jorge Garbisu Lakuako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak Landa Emakumeen Estatutua guztiz ezartzeko ematen ari diren azken pausoen berri jakinarazi du: Estatutua 2015an onartu zuen Gasteizko Legebiltzarrak, eta legearen helburua da emakumeek lehen sektorean eta landa ingurunean duten lan egoera arautzea, emakume nekazarien lana ikusgarriago bihurtzeko, erabakiak hartzeko prozesuetan parte-hartzea sustatzeko eta ustiategien titulartasuna lortzeko.