NAIZ

Pentsiodunek «une hunkigarriak» bizitu dituzte Madrilen

400 kilometro oinez egin ondotik, Madrilgo 0 kilometroan, «hegoaldeko zutabearekin» elkartu dira joan den irailaren 23an Bilbotik abiatu ziren pentsiodunak. «Emozionatuta, negarrez» hasi dira elkar ezagutzen ez zuten lagunak.

Harrera beroa jaso dute euskal pentsiodunek Madrilen. (J. DANAE/FOKU)
Harrera beroa jaso dute euskal pentsiodunek Madrilen. (J. DANAE/FOKU)

Pentsiodunen zutabea Madrilen dago jada. 18.00ak aldera iritsi dira joan den irailaren 23an Bilbotik atera ziren lagunak. 400 kilometro oinez egin eta gero, «hegoaldeko zutabearekin» batu dira, Andaluziako Rotatik abiatu zirenekin.

«Gure aldetik emakume batzuek ikurrina eraman dute, eta beste zutabekoek beren bandera. Pasillo bat egin dugu», azaldu dio Arantxa Amutxategi Lekeitioko pentsiodunak NAIZ Irratiari, kantu eta oihu artean, erabat hunkituta.

«Gogo handia genuen `hegoaldeko zutabearekin´ elkartzeko. Zoragarria izan da, topera gaude».

0. kilometroan

Ez zuten elkar ezagutzen eta lekeitiarrak ezin du azaldu denak batu direnean barruan mugitu zaiona. «Jende piloa bildu gara. Euren aldetik, gure partetik. Kosta ala kosta pentsioak defendatu egin behar direla aldarrikatzeko».

Ekitaldia 0. kilometroan egin dute, Madrilen Gabonetako kanpaiak jotzen dituzten tokian, 400 kilometroko ibilbide luze eta intentsu baten ondotik.

«Eguna polita baino politagoa izan da. Giroa, ongi etorri hunkigarria... Dena da ederra.  Konturatu gabe ailegatu gara. Eta hemen gaude,eurak ongi etorria egiten guri eta gu eurei».

Izugarrizko harrera egin diete bide osoan. Herria zenbat eta txikiagoa sentsazio atseginagoa izan du Amutxategik, harrera egiteko ahalegin ikaragarria egin dutela ikusi duelako.

Oihuka ari ziren elkarrizketaren unean, 'Las pensiones se defienden', indar handiz.

«Bilbotik ailegatu garenean ezuste handia hartu dute, eurei ere indarra eman die. Hau denontzat da, gazte guztientzat, denon mesederako», adierazi du pentsiodunak.

Indar handia emango dio berari honek pentsio duinen alde jarraitzeko.

91. elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon. Herriz herri ere mugitzen ari dira. Adibidez, Lekeition, Amutxategiren herrian, udaletxeko eskaileretan elkartzen dira, ia ordu erdi egoten dira, astelehenero 12.00etan.

Manifestazioa

Asteazken honetan manifestazioa dute. Gero etxera itzuliko dira. Alde batetik itzultzeko gogoa du lekeitiarrak, bestetik ez. «Momentu zoragarriak bizi izan ditut. Denak gogoan gordeta ditut».

Kongresuko eskaileretan zapatilak botatzera zihoazela agurtu du NAIZ irratiak.