Nagore BELASTEGI

Marilyn Solaya kubatarraren film berriak zabalduko du Bilboko Zinema Ikustezinaren 11. edizioa

Urriaren 24ra arte luzatuko da gai sozialak lantzen dituen Bilboko zinema jaialdia. 28 egoitzetan zehar banatuko dituzte 74 film gizarteko sektore desberdinengana iritsiz. Ahal den heinean solasaldiak ere prestatuko dituzte eta gaurtik aurrera erakusketa bat ere ikus daiteke.

Gaur goizean aurkeztu dituzte jaialdiko nondik norakoak. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Gaur goizean aurkeztu dituzte jaialdiko nondik norakoak. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Bilboko Film Sozialak Zinema Ikustezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 11. edizioa hasiko da bihar eta hilaren 24ra arte luzatuko da. Bilboko Alondegian, 19.30etan, izango da irekiera ekitaldia Marilyn Solaya kubatarraren ‘En busca de un espacio’ lanaren estreinaldiarekin. «Urteetako harremana daukagu beste edizio batzuetan egon delako. Bere ‘Vestido de novia" lanak arrakasta izan zuen gure jaialdian eta gerora Goya sarietarako izendapen bat izan zuen», kontatu digu Gorka Lopez Arantzamendi jaialdiko ekoizpen arduradunak.

Aurten, pelikula berriaz gain, Solayak bultzatzen duen Todas proiektu feministaren baitan dagoen argazki erakusketa bat ere ekarri du Bilbora (Zabalgune eraikina), gaurtik aurrera eta hilabete amaierara arte ikusgai. «Kuban egon den feminismoaren eta sufragismoaren ibilbide historikoa ikusten da», azaldu digu Lopez Aranztamendik.

Aurtengo edizioan 1.343 lan jaso dituzte, iaz baino %53 gehiago, eta horietatik 74 aukeratu dituzte, 78 herrialde edo lurralde ordezkatzen dituztenak. Aukeraketa egiterakoan parekidetasunari garrantzia handia ematen diotenez, %46a emakumeek egindako lanak dira.

Bilboko Alondegia egoitza nagusia bada ere, antolatzaileek garrantzia handia ematen diote publiko desberdinari iristeari. Horregatik 28 egoitza dituzte guztira –horietatik Bizkaiatik kanpo dagoen bakarra Gasteizko Florida zinemak dira–. Egoitzetatik 12 lanbide heziketa eta batxilergoko ikastetxeak dira. «Horrek aukera ematen digu pertsona gazteengana zinema soziala hurbiltzeko, euren interesak eta kezkak ikusteko, eta zinema tresna bezala erabiliz horiek lantzeko».

Baina gazteak ez ezik, beste sektoreekin egiten dute lan. Bilboko Esperientzia Gelak eta antzerako ekimenekin arituz pertsona nagusiengana iristea lortzen dute. «Gai hauek gizarteko desberdinekin landu beharreko gaiak dira», azpimarratu du jaialdiko kideak.

Saio batzuen ostean solasaldiak prestatzen dituzte. Horiek noiz izango diren webgunean kontsultatu daiteke. Normalean, Euskal Herriko filmak direnean egileak gonbidatzen dituzte, eta nazioarteko filmak direnean, film batzuk aukeratzen dituzte eta horiek ere gonbidatzen dituzte eztabaidak antolatzeko.

Jaialdi irekia eta eskuragarria

Jaialdia urtez urte handituz joan da eta antolatzaileek ikusten dute jendeak gai sozialekiko interesa baduela, «baina horrek ez du kentzen oraindik zeregin handia egotea; garrantzitsua da ikustezina den horri ikusgarritasuna ematen jarraitzea».

Jaialdira joatea errazteko, Alondegiko filmak ikusteko sarrerak 2,70 eurotan saltzen dituzte. Bestalde, lehiaketara edozeinek aurkez dezake bere filma eta aukeraketa egiterakoan maila zinematografikoa kontutan hartzen duten arren, kontatutako istorioak eta nork kontatzen dituen oso presente izaten dute. Bestalde, aukeraketa batzordean parte hartzeko atea zabalik dute, beraiekin harremanetan jarri besterik ez da egin behar, zineman adituak diren pertsonak baino, gai sozialen inguruen berri dutenak nahiago dituztelako.