NAIZ

EAEko populazioa maximo historikora heldu da, 2.188.017 biztanlerekin

EAEko populazioa maximo historikora heldu da 2019an, 2.188.017 biztanlerekin. Hazkundea hiru lurraldeetan eman da, neurri handiagoan Gipuzkoan, 2.928 herritar gehiagorekin. Hiriburuen artean, Gasteiz da igoera handiena izan duena.

Bilbon 2009tik populazioaren beherakada etengabea izan da. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Bilbon 2009tik populazioaren beherakada etengabea izan da. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoko populazioa maximo historiko berri batera heldu da aurten, urtarrilaren 1ean, hain zuzen ere, 2.188.017 biztanleetara iritsita. Azken 20 urteetan hiru lurraldeetan handitu da biztanleria, neurri handiagoan Araban eta Gipuzkoan, Eustatek zabaldutako azken datuen arabera.

Goranzko joera 2018an hasi zen, eta hiru lurraldeetan eman da azken bi urteotan. Gipuzkoak irabazi du gehien, 2.928 egoiliar gehiagorekin, «duela ia bi hamarkada hasitako biztanleria-hazkundearen ildoari» jarraituz. Azken 20 urteetan, 44.427 biztanle gehiago ditu herrialde horrek.

Araba da, Gipuzkoaren ondoren, hazkunde handiena izan duena. Egun, 327.967 egoiliar ditu, aurreko urtean baino 2.449 lagun gehiago. 1999. urtearekin alderatuta, 44.479 biztanle gehiago ditu orain.

Bizkaiaren kasuan, 1.142.853 biztanle ditu, eta bertan izan da hazkunderik txikiena. 2018ko datuekin konparatuta, 2.191 biztanle gehiago ditu eta 15.856 egoiliar irabazi ditu azken hamarkadetan.

Hiru hiriburuetan gora

Eustatek emandako datuen arabera, hiru hiriburuetan egin du gora biztanleriak 2018 eta 2019 artean, eta Gasteiz izan da igoera handiena izan duena, 2.334 hiritarrekin. Donostiak eta Bilbok 663 eta 620 biztanle irabazi dituzte, hurrenez hurren.

Estatistika erakundeak zehaztu duenez, «aldi zabalagoan eginez gero analisia, emaitzak ezberdinagoak dira». Horrela, «2009an Bilboko eta Donostiako populazioek beren maximo historikoak lortu zituzten; hortik aurrera, Bilbon beherakada etengabea izan da», Donostiak «gorabeherak izan ditu» eta Gasteizek «2013an eta 2014an izan ezik, gora baino ez du egin».

Eustaten arabera, udalerrietan ez da aldaketa nabarmenik gertatu azken bi urteetan. Barakaldok irabazi du biztanle gehien (442) eta Astigarraga, «portzentajezko igoera handiena izan duen udalerria», %4,36. Muturreko egoeran dago Getxo, «biztanleriaren beherakada absolutu handiena izan duen udalerria».