NAIZ

Lau urteko zigorra Karlos Apeztegiari, «ETAri atzemandako paperak» erabilita

Karlos Apeztegia presoari lau urteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak. «ETAri atzemandako paperak» oinarri hatuta, hamaika urtekoa eskatzen zuen Fiskaltzak. Aurretik jada 22 urte egin zituen preso.

Hernanin Apeztegiaren atxiloketa salatzeko eginiko mobilizazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)
Hernanin Apeztegiaren atxiloketa salatzeko eginiko mobilizazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iruñean jaio eta Hernanin bizi den Karlos Apeztegia epaitu behar zuten gaur Auzitegi Nazionalean, eta zigor luze-luzearen mehatxua zuen bizkar gainean: hamaika urtekoa hain zuzen ere. Azkenean, alde guztien adostasunez lau urteko zigorra ezarri zaio. Urtebete darama kartzelaratua, iazko urrian atxilotu zuten eta.

Aurretik 22 urte eman zituen kartzelaratuta Apeztegiak (2013ko maiatza arte hain zuzen ere) baina iaz ustekabean berriro atxilotu zuten, bai eta kartzelaratu ere.

Estatu frantseseko agintariek Estatu espainolari emandako «ETAren paperak» direlakoen bitartez osatu zuten inputazio berria. Espetxean zen garaian, Karlos Apeztegia ETAko kide bilakatu zela berriz eman zuen aditzera Auzitegi Nazionalak, eta hamaika urte gehiagoz kartzelaratzeko mehatxua abiatu zuen.

Estatuko Fiskaltzaren iazko Memoriak barnebiltzen duenez, bi aldiz erabili dira «ETAren paper» hauek akusazio berriak eraikitzeko: Apeztegiaren aurkako hau eta Xabier Garcia Gazteluren kontrako beste bat dira. Azken hau espetxean zen jadanik beste kondena batzuk tarteko, baina Karlos Apeztegiaren kasuan berriro kartzelaratzea ahalbidetu dio Auzitegi Nazionalari.

Toledoko Ocaña kartzelan izan da preso Apeztegia azken hilabeteotan, hara Madrilgo Soto del Realetik eraman ondoren.