Naiz
Iruñea

Rubik Teatrek zabalduko du Iruñeko Antzerki Aroa zikloa

‘Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak’ da gaur zikloa zabalduko duen antzezlana. Honen atzetik etorriko dira ‘Erlauntza’, ‘Zaldi urdina’, ‘Txarriboda’ eta ‘7ak bat’ abenduaren 11ra arte luzatuko den jaialdian.

Euskarazko antzezlanetatik hiruk gaztelerazko azpitituluak izango dituzte. (Lucas SANTOS BELLUDO)
Euskarazko antzezlanetatik hiruk gaztelerazko azpitituluak izango dituzte. (Lucas SANTOS BELLUDO)

Rubik Teatre konpainiak emango dio hasiera gaur gazteei eta helduei zuzendutako Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloaren beste edizio bati. ‘Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak’ antzezlana taularatuko dute, antzerki-hizkuntza berrien esperimentazioan eta bilaketan sakontzeko asmoz sortutako ikuskizun bat, non mugimenduaren eta antzerkiaren poetika jorratzen den.

Rubik Teatre kolektibo artistikoa 2013. urtean sortu zen, eta 2016ra bitartean EAEn eta Katalunian izan zuen egoitza; urte horretatik aitzina, EAEn bakarrik. Hizkuntza berrietan esperimentatzea da taldearen borondatea, aktore/performerrek keinua eta mugimendua oinarrizko tresnatzat hartuta, gorputzek beraiek idatzitako dramaturgia mota bat eskaintzeko.

Estitxu Zalduaren eta Juanjo Herreroren arteko batze artistikotik sortu zen taldea; biak lizentziadunak dira Institut del Teatren (Bartzelona). Dantza, testua, objektuen manipulazioa eta biomekanika aplikatua dira haien prestakuntzaren oinarria. Gestualtasun jakin baten bila egiten dute lan, eta sakon jorratzen dituzte mugimendua, gorputz-adierazpena, hitza, espazioa eta konposizio plastikoa, berezko dramaturgia duen arkitektura eszenikoa sortzeko.

Ohiko jardunean, diziplina ezberdinetako artistekin aritzen dira elkarlanean: koreografoak, dramaturgoak, ikus-entzunezkoen artistak eta musikariak. Eta horrela, diziplina askoren topagune bilakatzen dira, ikusleei halako proposamen intuitiboa, interpretagarria eta sentikorra eskaintzeko.

Rubik Teatre konpainiaz gain, Producciones Vaivén (‘Erlauntza’), Artedrama-Axut -Dejabu Panpin Laborategia (‘Zaldi urdina’), Hika Teatroa (‘Txarriboda’) eta Atx Teatroa (‘7ak bat’) arituko dira Iruñeko zikloan.

Emanaldiak urriaren 17tik abenduaren 11ra bitartean luzatuko dira Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre Antzokian eta Iturramako Civivoxean (antzezlan guztiak 20.00etan izango dira, eta sarrerek 8 euro balioko dute).