Txapeldunak ezinezko garaipena lortu du Bilbon (22-21)

Izugarrizko erakustaldia emanda, Unai Laso 13-21 aurreratu da baina, sakearekin gehiago asmatuta, Joseba Ezkurdiak buelta eman dio partidari. Peio Etxeberriak 16-22 irabazi dio Victorri.

Jon Ormazabal|2019/10/19
Laso
Lasok esku eskura izan du garaipena (Monika DEL VALLE/FOKU)

Zaila da txapeldunaren oldarraldiak edo Unai Lasok izan duen irabazteko beldurrak pisu gehiago izan duen, baina kontua da ezinezkoa zirudien garaipena eskuratu duela Joseba Ezkurdiak gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Izan ere, Arbizukoa momentu bakarrean, baina garrantzitsuenean jarria da aurretik markagailuan eta 22-21 irabazi du 13-21 atzetik joan den partida.

Ausart eta arriskuak hartuz, baina gauzak zentzuz eta taxuz eginda, Unai Lasok sekulako partida haiera jokatu du. Oso argi zuen Joseba Ezkurdia mugitu beharra zuela eta paretan moztuz eta gantxoarekin bikan amaituz, oso deseroso sentitu arazi du egungo kaiolako txapelduna. Udan, Bilboko Aste Nagusiko torneoaren finalean egin bezala, sekulako erakustaldia eman du Bizkarreta-Gerendaingo aurrelariak Bizkaia pilotalekuan eta amaitzen jakitea baino ez zaio falta izan bere ibilbideko aurrera pausorik handiena emateko.

Horiek izaten dira, ordea, ematen zailenak eta denbora batean ahaztuko ez duen jipoia eraman du. Izan ere, garaipena esku-eskura zuenean, Joseba Ezkurdia bizirik utzi du eta garesti ordaindu du. Arbizukoa, publikotik entzundako esaldiren batek piztu du, ordura arte ez bezala, sakearekin asmatzen hasi da eta hazten joan da, Laso uzkurtzen joan den era berean eta garaipena Sakanakoak eraman du.

Peio Etxeberria bizirik Logroñon

Beste multzoan, Peio Etxeberriak inolako aukerarik gabe utzi du Victor Esteban bere jarraitzaileen aurrean (16-22). Orain arte partidarik irabazi gabea zen Zenotzekoa txapelketan, baina final laurdenetako ligaxkan egotea kasualitatea ez dela erakutsi du. Nafarrak ia hasiera-hasieratik hartu du markagailuaren agintea eta garaipen garrantzitsu bat eskuratu du, txapelketan bizirik jarraitzeko.